Nagusitasunez lideratzen ditu Hodei Muñozek Espainiako Ziklokros Kopa eta UCIko sailkapena

Aitor Aspuru Saez 2023ko urr. 16a, 16:25

Hodei Muñoz bikain ari da lehiatzen ziklokros denboraldian. / H. M.

Luiaondoarrak ez du hasiera erraza izan, baina azken lau lasterketetan irabazi du eta Espainiako Kopako zein UCIko sailkapenen buruan dago.

Hodei Muñozek oso hasiera latza izan zuen ziklokros denboraldian urriaren 1ean. Izan ere, Xixongo lasterketara bertaratu zen ia ezer entrenatu gabe, auto batek harrapatu baitzuen entrenatzen ari zelarik abuztuan eta horrek atsedena hartzera eta sendatzera eraman zuen, sasoian egoteko baliatu behar zituen asteetan.

Hala eta guztiz ere, prestaketa txiki baten ondoren, laugarren postua eskuratu zuen Asturiasen.

Hurrengo egunetan ziklokrosaren alde teknikoak landu zituen kirolariak eta urriaren 7an garaipen sortaren lehen mugarria jarri zuen Pontevedran. Izan ere, han irabazi ondoren, Marinera jo zuen eta han ere nagusitu zen.

Azken egunotan, ordea, Ribadumian -Galizian- eta Melgaçon -Portugalen- gailendu da, lau aldiz lehenengo postua hartuta podiumean. Aipatzekoa da Ribadumiako probaren bezperan kolpe handia izan zuela eta minduta bete zuela hurrengo egunean ibilbidea.

Lorpen horiei esker Espainiako Kopako lehen sailkatua da, baina UCIko sailkapeneko lidergoa ere berea da.

Dena den, Muñozek umiltasunez hartu du egindakoa. "Poz-pozik nago eta lan gehiago egiteko gogoz, hobetzeko", esan dio Aiaraldea Komunikabideari.

Bere hurrengo erronkei buruz galdetuta, luiaondoarrak jakinarazi du Espainiako Kopan eta Europako Txapelketan daukala burua. Horrez gain, Amurrioko lasterketa eta Benidormeko Munduko Txapelketa ere bere egutegian markaturik daude.

Txirrindulariak balorazio positiboa egin du errepideko denboraldiari dagokionez, Espainiko Kopako hirugarrena izan baitzen, eta podium ugari zapaldu zituen. Hala ere, izandako harrapaketak ilundu zuen lortutakoa: "Pixka bat txarto amaitu nuen istripuarekin, baina pozik".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide