Espainiako Ziklokros Kopa irabazi zuen asteburuan Hodei Muñozek

Aitor Aspuru Saez 2023ko abe. 19a, 08:00

Hodei Muñoz garaipena ospatzen./ Irene Morales

Luiaondoarrak lidergoari eutsi zion Xativan eta Valentzian eta Espainiako Kopa eraman zuen etxera. Gainera, errebantxa hartu zuen Xativan, non duela bi urte hirugarren izan zen Espainiako Txapelketan.

Hodei Muñoz gazteak garaikur berria gehitu du bere palmaresean asteburu honetan. Izan ere, Espainiako Ziklokros Kopa eskuratu du larunbatean Xativan irabazi eta gero eta igandean Valentzian bigarren sailkatuta.

Luiaondoarra liderra zen azken bi probak hasi baino lehen eta indarra erakutsita mantendu zuen lehen postua sailkapenean. Arrakasta ez da azken egunetako emaitzen ondorioa, Muñozek maila oso ona erakutsi baitu txapelketa osoan eta zortzi lasterketetatik sei irabazi ditu.

Ibilbide horrekin, bazekien txapelaren jabea, printzipioz, hiru txirrindularien arteko lehian erabakiko zela eta bere bi arerio nagusiak David Ivars eta Unax Galan ziren.

Xativan errebantxa

Larunbatean Xativan izan zen lehen erronka eta bazirudien kokapena ez zela onena Hodei Muñozen interesentzat. Berez, David Ivarsen zonaldea da hori eta luiaondoarrak gogoratzen zuen 2021eko Espainiako Ziklokros Txapelketan Ivarsek han irabazi zuela. Luiaondoarra hirugarren izan zen orduan.

Hala eta guztiz ere, Muñozek ez zuen atzera egin eta hasieratik bilatu zuen lasterketaren burua. Bi itzuli baino ez zirenean geratzen, aiararrak aurrera egin zuen eta arerio garrantzitsuenak bere gurpilen atzetik mantendu baziren ere, gainditu zituen azken esprintean.

Hori urrats erabakigarria izan zen. Zazpi puntuko aldea bikoiztu zuen bigarren sailkatuari zegokionez eta, gainera, errebantxa polita hartu zuen Ivasen aurrean.

Valentzian txapela

Aurreko lanak ondo eginda, Muñozek Valentzian errematatu zuen eginkizuna eta berarentzat ez zen erraza izan. "Aurreko eguneko zirkuitua teknikoa zen, oso exijentea, eta hori gogoko dut. Valentziakoa, ordea, azkarra zen, baina ez zuen minik egiten. Horrela oso zaila zen besteei abantaila ateratzea", adierazi dio Aiaraldea Komunikabideari.

Testuinguru horretan, luiaondoarrak bigarren zeharkatu zuen helmuga eta hori nahikoa izan zen txapelduna izateko.

Hurrengo hitzorduak

Espainiako Ziklokros Kopa irabazi izanak poztasuna sortu badio ere, Muñozek ez du atseden hartzeko tartetik izango eta hurrengo asteetan Arabako, Euskadiko eta Espainiako Txapelketak irabazten saiatuko da, Ibaguenen, Abadiñon eta Amurrion, hain zuzen.

Atzean geratu da jadanik udan pairatu zuen harrapaketa, baina ez guztiz, oraindik mina baitauka bizkarrean. "Espero du erabat desagertzea", aipatu du.

Aiaraldearrak lehian

Muñoz ez ezik, badira bestelako txirrindulariak emaitza onekin ziklokrosaren diziplinan.

Esaterako, Mirari Gotxi Olartekoetxeak jarraitzen du Euskadiko Challenge liderra izaten eta Ion Egiak kadete kategoriako seigarren postua lortu zuen Espainiako Ziklokros Kopan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide