Ostiralean —urtarrilak 12— ekin zioten berriz Izoriako Jaien ospakizunei. Egitarauaren barruan, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoa den Jon Obaldia auzokideak Babio mendiko Burdin Aroko aztarnategiaren inguruko hitzaldia eskaini zuen, herriko txokora bertaratu ziren dozenaka lagunen aurrean.
Obaldiak azken bost urteetan Babio mendian egindako indusketetatik ateratako piezak eta materialak aurkeztu zituen in situ, eta ikerketek argitara ateratako hainbat ondorio aletu zituen.
Babioko Burdin Aroko herrixka
1980ko hamarkadan aurkitu zuten Babioko aztarnategia Maria Jose Yarritu, Javier Gorrotxategi eta Jose Luis Martinez ikerlariek. 2018an Jon Obaldia arkeologoak hartu zuen bertan indusketa gidatzeko ardura, eta geroztik bost kanpaina burutu ditu Aranzadi Zientzia Elkartearekin.
Kristo aurreko 740 eta 430 urteen arteko herrixka inguratzen zuen harresiaren hainbat zati aurkitu dituzte egindako indusketetan, baita garaiko biztanleak nola bizi ziren azaltzen duten zenbait lan-tresna ere.
Obaldiak berak luze eta zabal azaldu zion Aiaraldea Komunikabideari bertan topatutakoaren esanahia.