Eskualdeko lau lagun epaituko dituzte maiatzaren 27tik 30era Gasteizen. Animalien aurkako tratu txarrak, talde kriminal batean parte hartzea eta osasunaren kontrako delituak egotziko dizkiete.
Duela ia sei urte atxilotu zituen Ertzaintzak, 2018ko maiatzaren erdialdean, eta leporatu zien Soxoko baserri batean abereak hiltzea inolako administrazio baimenik eta osasun kontrolik gabe, gero saltzeko. Aiarako lau herritarrak ez ezik, poliziak beste bat arrastatu zuen Gasteizen eta beste bi Karrantzan.
EFE agentziak zabaldu duenez, ertzainek uste dute bost urtez aritu zirela jardunean eta haragia garraiatzeko ez zutela hozkailua zuen ibilgailurik erabiltzen, adibidez. Horrez gain, animalien (behiak eta ardiak) hondakinak Angulo mendateko leize batean lagatzen zituzten, poliziaren aburuz.
Erakundeen arteko elkarlana operazioan
Ertzaintzaren arabera, baserrian hiltzen ziren animaliak ezin ziren ohiko merkatuan saldu eta horrela etekinak lortzen zituzten. Antza, banaketarako sarea ere bazegoen. Arabako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako abeltzaintza zerbitzuen laguntza izan zuen poliziak operazioa gauzatzeko.
Akusatuek 32 eta 59 urte bitarteko adina zuten atxiloketak gertatu zirenean eta hiruk aurrekariak dituzte: lehenak 43 urte zituen 2018an eta genero indarkeriagatik, urruntze agindua hausteagatik eta lapurtzeagatik kondenatua izan zen. Bigarrenak 48 urte zituen atxilotu zutenean eta mehatxuengatik, genero indarkeriagatik eta animalien aurkako tratu txarrengatik epaitua izan zen aurretik. Hirugarrenak 59 urte zituen eta mehatxuak, erasoak eta kalteak gauzatzeagatik ditu aurrekariak.