Gaurko eguna efemeride garrantzitsua izan da Aingeru Olabarrieta Capelorentzat. Izan ere, zenbait aldiz Athletic Clubeko lehen taldearekin deitua izan ondoren, gaur egin du debuta La Ligan, txapelketako azkenaurreko jardunaldian. 81. minutuan sartu da San Mameseko futbol zelaian Iñaki Williamsen ordez eta kirol prentsak azpimarratu du joko distira interesgarriak utzi dituela minutu gutxitan.
Olabarrietaren ongi etorriarekin batera, Iker Muniain eta Raul Garcia jokalari beteranoen agurra heldu da, Athletic Clubak berak argazki batean jaso duen moduan. Azkenean, partidak amaiera goxoa izan du zurigorrientzat, 2-0 irabazi baitute.
Denboraldi oso positiboa egin du aiarrarak Athletic Clubeko filialarekin. 29 partida jokatu ditu eta zazpi gol sartu eta hamar asistentzia sortu ditu.
2022/2023 denboraldian 31 partidetan parte hartu zuen Athletic Clubeko Ohorezko Mailako gazte taldearekin eta hiru gol egin zituen. Horrez gain, lau aldiz jokatu zuen Espainiako 18 urte azpiko selekzioarekin.
Amurrioko Etorkizuna taldetik fitxatu zuen Bilboko klubak eta Lezaman zortzi denboraldi egin ditu orotara kirolariak. Aurten filialean aritu da eta gazte mailatik talde horretara igarotako kide bakarra izan da, Baskonian militatu gabe.