Pasa den ostegunean udal osoko bilkura egin zuten Aiaran eta EAJk aukera baliatu zuen proposatzeko udalbatzen streaming bidezko emisioak egitea.
Hala azaldu zuen Gentza Alamillo bozeramaile jeltzaleak: "Udal osoko bilkurak streaming bidez ematea urrats garrantzitsua da Udal gardenago eta parte-hartzaileago bat eraldatzeko bidean. Horregatik, eskaera honek udal talde guztien babesa izango duela espero dugu. Izan ere, gure udalerriko herritar guztiei gobernu ona lortzen eta informazioa eskuratzen lagunduko die".
Opozisioko udal taldearen aburuz, teknologia horrek ahalbidetzen du udal kudeaketa herritarrengana hurbiltzea, herritarrei aukera ematen baitie edozein lekutik hartzen diren erabakiak gertutik jarraitzeko eta saioetan planteatutako eztabaidak eta proposamenak bertatik bertara ezagutzeko.
Ikusita Aiarako Udalak berak ez duela bitarteko nahikorik eginkizun horiek betetzeko, "kanpoko laguntza kontratatzea" proposatu du Alamillok, "epe ertainean akta digitala martxan jartzen den bitartean".
Palestinan bortizkeria gelditzeko bi mozio
Horrez gain, Aiarako udal osoko bilkurak bi testu ezberdin onartu zituen, Palestinan gertatzen ari den sarraskia eten dezan Israelek. EAJk aurkeztu zuen bat eta EH Bilduk bestea.