Aiarak azken urtean “atzerakada larria” pairatu duela salatu du EAJk, “EH Bildu buru duen gobernuaren kudeaketa eta gardentasun faltagatik”

Txabi Alvarado Bañares 2024ko eka. 26a, 10:34

Gentza Alamillo zinegotzi jeltzalea, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Jeltzaleek Aiara Batuzen bozeramaileari leporatu diote erreferentziazko ospitale-aldaketaren aurkako protesten atzean egotea, iazko hauteskunde kanpaina “lohiaren kanpaina” bilakatuz. 

Aiarako udal gobernuaren lehen urteko ibilbidearen balorazioa egin du EAJk, ohar baten bidez. Alderdi jeltzalearen aburuz, “atzerakada larria” pairatu du udalerriak EH Bildu agintera iritsi zenetik, “kudeaketa eta gardentasun faltagatik”. 

Aiara Batuzek hauteskunde kanpainan betetako papera ere deitoratu dute jeltzaleek, “lohiaren kanpaina” izan zela nabarmenduta. Gentza Alamillok talde horretako zinegotzia den Iratxe Parrori leporatu dio erreferentziazko ospitale-aldaketaren aurkako protesten atzean egotea. “Mobilizazio horiek nabarmen amaitu ziren Pruden Otegui abertzaleak alkatearen makila eskuratu zuenean, eta gaur egun ospitaleari dagokion egoera udal hauteskundeen aurreko bera da”, nabarmendu du bozeramaile jeltzaleak. Bere iritziz, Iratxe Parrok “bere benetako helburua” lortu zuen modu horretan, ez zela alkatetzara iristea, “EAJ-PNV alkatetzatik kentzea baizik".

“Jaurlaritzaren kudeaketa zalantzan jartzea” ere leporatu diote jeltzaleek udal gobernuari

"Aurrekonturik gabe"

Gaur egungo egoerara itzuliz, Alamillok ziurtatu du Aiarako egoera politikoak eta administratiboak ez duela hobera egin, eta kanpainako “promesak eta mobilizazioak” desagertu egin direla, “udalerria proiektu argirik eta ibilbide-orri zehatzik gabe utziz”. 

Horri lotuta, zinegotzi jeltzaleak salatu du oraindik ez dagoela 2024rako aurrekontuen zirriborrorik. "Oraindik ez dago aurrekontuen zirriborrorik eta, okerragoa dena, 2023ko kontu orokorrak ere ez dira onartu. Egoera horren ondorioz, ezinezkoa da proiektu eta inbertsio berriak egitea eta Aiarako herritarren beharrak asetzea, eta nabarmen mugatzen da bizilagunen gizarte-ongizatea”. 

Horrez gain, “Jaurlaritzaren kudeaketa zalantzan jartzea” ere leporatu diote jeltzaleek udal gobernuari. "Administrazio plazaren LEParen prozesua oso motel doa aurrera, eta udal kudeaketa negargarriak udal igerilekuak uztailean eta abuztuan ordu erdi lehenago ixtea eragin du”, salatu du Alamillok. 

“Barne koordinazio falta” dagoela ere gaineratu du alkate jeltzale ohiak: "alkateari galdera bat egiten zaionean, begiradak hasten dira nork erantzuten duen ikusteko: Iratxe Parro alkateordeak edo Izaskun Garciak. Gainera, barne desadostasunak daude, Arespalditzako zabu berrien kasuan bezala, estaltzeari dagokionez".

Hiri Antolamenduko Plan Orokorraribilera "bat bera ere ez" egin izana ere deitoratu dute jeltzaleek

Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari dagokionez ere ez da aurrerapenik egon, jeltzaleen aburuz: "Urtebete igarota, ez dugu bilera bakar bat ere izan, ezta aurrerapauso esanguratsurik ere gure udalerriaren garapenerako erabakigarria den plan honetan".

Horregatik guztiagatik, opozisioko talde politikoak uste du “interés komun batek soilik” lotzen dituela EH Bildu eta Aiara Batuz udal gobernuan: “EAJ-PNV alkatetzatik kanpo mantentzea”. Horren aurrean, jeltzaleek nabarmendu dute aiarrarek merezi dutela “beren beharrak eta eskaerak modu eraginkor eta gardenean kudeatzeko gai izango den” gobernu bat, eta ondorioztatu dute egungo gobernuak lortu duela “aldaketarena” izatea, “baina betebehar horiek betetzeko gaitasunik ez duelako".

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide