Printzipioz, Etxaurrengo Ama Birjina Aiara osoko zaindaria da. Hori dela eta, haur jaioberrien pisua garitan eskaintza gisa eramateko ohitura zegoen, era horretan umeak haren zaintzapean gera zitezen.
Felix Mugurutza toponimian adituak lan anitz egin ditu eta datu zein tradizio ugari azaleratu ditu. Hasteko, bere ikerketen arabera, Etxaurren toponimoa intxaur hitzatik dator, eta santutegia eraiki zuten, ustez, Ama Birjina hango intxaurrondo batean agertu zelako. Berez, agerraldi mistiko horren erregistorik zaharrena 1443koa da, Vatikanoko dokumentu batean, alegia.
XIV. mendean egin zuten egurrezko Ama Birjina, baina 1936an desagertu zen, Guda Zibilean
Felix Mugurutzaren aburuz, toponimoak bi bide proposatzen ditu. Alde batetik, akademikoagoa dena: “Etxaurren toponimoa euskal konposatu ederra da eta osagai bi ditu: etxe izena, konposatuetan askotan etxa- bihurtua, eta urren ‘hurbil, hurkoa’ edo aurren ‘aurreko hurbilena, lehenengoa’”.
Ordea, berak azpimarratzen du herri etimologiak Etxaurren toponimoa intxaur hitzarekin lotzen duela, Ama Birjina intxaurrondo baten gainean agertu zenaren mitoari erreferentzia eginez.
XV. mendetik XVII. mendera
Egurrean landutako birjina, berez, XIV. mendean egin zuten. 1936an desagertu zen, gerra garaian, baina eraikina bera XVII. mendekoa da.
Ungila eta Eskorieta mendiaren hegoaldean kokatuta, Mugurutzak berak gogoratu du XX. mendera arte inguruan bazegoela jendea bizitzen inguruko etxeetan. Baina egun zelaiek iraileko lehen astean ikusten dute jarduera gehien, Etxaurrengo jaiak ospatzen direnean, hain zuzen.
Toponimia gora eta behera, Mugurutzak beste datu bat azpimarratu du bere ikerketetan. 1775an, baseliza berreraiki ondoren, San Markos egunean (hau da, Menoioko jaietan) santutegia inauguratu zuten eta, Federico de Barrenengoaren testuen arabera, parrokoak berak goraipatu zuen Etxaurren hitza intxaurrari lotuta zegoela. Une horietan, antza, euskara ez zen erabiltzen jadanik Aiaran, baina bitxia da, Mugurutzaren ustez, garai berean Okondon edota Laudio oraindik euskaldunak eta elebakarrak zirela.