Hodei Muñozek talde berria izango du 2025etik aurrera, bi urterako konpromisoa hartu baitu Devo Team-ekin, Soudal Quick-Step taldeko filial amateurrarekin. Txirrindulari handien taldea da Soudal Quick-Step. Izan ere, bertako txirrindulariak dira, besteak beste, Remco Evenepoel eta Mikel Landa. Beraz, albiste bikaina da Muñozentzat talde belgikar horren interesa piztu izana.
Aurten, Luiaondoko txirrindulariak denboraldi bikaina egin du, Espainiako Juniorren Cofidis Kopa irabazita. Ziklo-krosean ere nagusi izan da, Espainiako txapeldun titulua eskuratu baitzuen aurtengo urtarrilean Amurrion, eta ondoren Espainiako Kopan gailendu zen.
Orain, luiaondoarraren hurrengo helburua Dueroko Erriberako Junior Mailako Itzulia izango da. Asteburu honetan izango da lasterketa eta ia 300 kilometroko ibilbidea izango du, hiru etapetan eta 3.200 metroko desnibelean banatuta.