Espainiako Kopako irabazlea izan da Hodei Muñoz

Erredakzioa 2024ko abu. 7a, 16:00

Hodei Muñoz gaurko lasterketako irteeran. / RFEC

Benagéber-Alto Turiako Udalaren II. Sari Nagusia izan da txapelketako azken lasterketa eta lidergoa mantendu du kirolari aiararrak.

Gaur ez du bere bizitzako lasterketarik onena egin, baina Hodei Muñozek jakin izan du lidergoari eutsi eta, ondorioz, junior kategoriako Espainiako Kopa irabazten, sailkapen orokorreko lehen postuan amaituta.

Gaurko Benagéber-Alto Turiako Udalaren II. Sari Nagusia erabakigarria zen horretarako eta Muñozek eta bere taldeak ez dute kale egin. Hain zuzen, saiatu dira lasterketaren kontrola izaten eta Ivan Loaisak eta Javier Cubillasek ihesaldia egin dutenean, ez dituzte euren indarrak erre.

Aintzat hartu beharra dago sailkapen orokorrean bigarrena Marc Zafra zela eta Muñozek 26 puntuko aldea zuela. Hirugarrena  Tomas Pombo zen eta bien arteko aldea 46 puntukoa.

Azkenean, Hodei Muñozek 20. postuan zeharkatu du helmuga. Zafra 18. izan da eta Pombo, aldiz, 14. igaro du meta. Ia ia aldi berean heldu dira hirurak eta, ondorioz, sailkapen orokorrak ez du aldaketa handirik izan.

Proba guztiak borrokatzen

Muñoz seigarren izan zen lehenengo etapan, Extremadurako Don Benito udalerrian, otsailaren 24an. Bera bakarrik sartu zen helmugan.

Apirilaren 20an, berriz, La Canconjan (Tarragona) jokatu zen bigarren etapa, eta hirugarren sailkatu zen aiararra, lasterketa gogor baten ostean.

Hirugarren etapa Montemayorren, Kordoban, lehiatu zen, eta Muñoz izan zen garaile, sailkapeneko lehen postura helduta. Gasteizen izan zen laugarren etapa, ekainaren 15ean, eta bertan 34. postuan geratu bazen ere, abuztuaren 4an Dueroko Erriberan lidergoari eutsi zion, laugarren geratu ondoren.

Horrez gain, aipatu beharra dago txirrindulari gaztea txapelketa irabazteko zorian egon zela iaz eta hirugarren postuan geratu zela. Azken orduko arazo fisiko batzuek oztopatu zioten bidea garaipena eskuratzeko, baina aurten ez du kale egin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide