Sorlasean, Sortu Jolasean! proiektua Aiaran abiatuko dute laster. Josune Garcia de Bikuña ipuin
kontalari eta hezitzaileak sustatzen du egitasmoa eta 2012 eta 2018 urteen artean jaiotako gazteei bideratuta dago.
Horren bitartez, antzezlan bat prestatuko dute nerabeek maiatzera arte eta, bide batez, emozioak, ahotsa edota gorputz adierazpena landuko dituzte, antzerkigintzako hainbat teknika eta kontzepturekin batera.
Saioak ostegunetan izango dira 18:00etatik 19:00ak arte eta euskaraz lan egingo dute. 36 euro balioko du matrikulazioak eta Aiarako udaletxean egin beharko dute.
Parte hartzea eta sormena oinarri
Gazteek eurek erabakiko dute garatuko duten antzezlanaren nondik norakoak. Izan ere, sorkuntza prozesuan subjektu aktiboak izango dira, ez bakarrik antzezteko orduan, baita testua eta gidoia idazteko edo proposamen eszenikoa lantzeko orduan ere.
Sorlasean duela bi urte heldu zen Aiaraldera. Zehazki, Laudion izan dira lehen saioak eta emaitzak positiboak izan dira. Hain zuzen, parte hartzaileen kopurua bikoiztu zen ikasturte batetik bestera.