Uztailean ekin zioten Ibaguenen inoiz amaitu ez zen kiroldegiak utzitako zuloa betetzeari. Une horretan Aiarako Udalak iragarri zuen herritarren parte hartzerako prozesua abiatuko zuela. Horretarako epea hasi zen atzo eta azaroaren 8an bukatuko da.
Berez, tokiko erakundeak inkesta zabaldu du iritziak biltzeko euskaraz eta gazteleraz. Aiarako Udalak hiru gunetan banatu ditu galderak. Alde batetik, goiko aldean (malda gutxikoa) zertan egin galdetu dute. Bestetik, aldapan jarri dute fokoa eta, azkenik, beheko futbol zelai lauan.

Nagusiki, galderak bideratu dituzte jakitera zein adin tartearen beharrak asetu behar dituen eremu bakoitzak, eta nola. Hau da, adineko jendearentzako, haurrentzako edo familientzako azpiegitura izan behar den eta nolako elementuak instalatu behar diren horretarako: tirolinak, oztopo zirkuitua, mahaiak eta eserlekuak....
Edonola ere, ez da proposamen itxia eta bestelako iradokizunak ere egin ditzakete herritarrek.