Aiaran inoiz amaitu ez zen kiroldegiko obrek utzitako zuloa estaltzen ari dira

Erredakzioa 2024ko uzt. 5a, 08:00

Kiroldegia ez zen bukatu, baina obrak hastean zuloa sortu zuten Ibaguenen, Etxaurren Ikastolatik gertu. Orain lanean ari dira estaltzeko.

Aiarako Udalak espero du uztailean bertan Ibaguenen eraiki behar zuten kiroldegiak sortutako zuloa guztiz estalita egotea. Berez, proiektu hori 2011n utzi zuen bertan behera Bilduk, Aiara Batuzek eta PPk lortutako akordioak, baina lanen aztarnak bertan jarraitu du orain arte.

Udal gobernu taldeak adierazi duenez, zuloa betetzea merkea izango da (guztira 11.000 euro inguru), tokiko erakundeak hitzarmena sinatu baitu lurrak mugitzen dituen enpresa batekin eta Arabako Foru Aldundiarekin, lur ugari duten hondakindegiak kudeatzen baititu erakunde horrek. Biek interesa dute biltzen dituzten lurrak sakabanatzeko eta Ibagunen biltzen ari dira.

Aisialdirako eremu berria

Pruden Otegi alkateak adierazi duenez, Aiarako Udalaren asmoa da lan horien ondoren eremua berreskuratzea eta aisialdirako gunea prestatzea, "mahaiak eta zuhaitz gehiago jarrita".

Edonola ere, Etxaurren Ikastola garatzen ari den jolastoki inklusiboa ere dago mahai gainean. Hortaz, elkarlanean arituko dira ikastetxearekin euren beharrak ere asetzeko.

Zulo batean amaitu zuen kiroldegiak

Aiaran eraiki behar zuten kiroldegia soka luzeko polemika bilakatu zen udalerrian. Berez, 2004an onartu zuen udalbatzak lehen proiektua eta 2008an, obrak jadanik hasita zeudenean, arrakalak agertzen hasi ziren egindako lehen hormetan. Ondorioz, obrak gelditu zituzten eta egitasmoa bertan behera geratu zen, linboan.

Harik eta Bilduk 2011n alkatetza eskuratu zuen arte. Ekainean hartu zuten aginte makila, uztailean iragarri zuten zein zen euren hautua eta azaroan kiroldegia amaitzea alboratu zuen, Aiara Batuz eta PPren babesarekin. Josu Artetxe garaiko alkatea luze aritu zen horri buruz une horretan Aiaraldea Komunikabidearekin.

Dena den, prozesu horrek guztiak hautsak harrotu zituen norabide eta modu ugaritan. EAk salatu zuen, hasteko, kokapena ez zela batere egokia, Luiaondoko herritarrentzat hurbilago zegoelako Laudioko kiroldegia udalerrikoa baino.

Egitasmoa eteteko erabaki horrek, gainera, kinka larrian utzi zuen Udalaren ekonomia, 700.000 euroko zorra eragin baitzuen eta 2 milioi euroko dirulaguntzari uko egin behar izan baitzion.

Edonola ere, Udalak proiektua diseinatu eta egikaritu zuten arkitektoak salatu zituen euren lana txarto egiteagatik eta, azkenean, akordioa lortu zuen Asemas aseguru etxearekin eta zorra kitatzeko gaitasuna erdietsi zuen horri esker. Izan ere, hasieran 1,2 milioi euroko kalte ordainak exijitu zizkion tokiko erakundeak arkitektoei eta aseguru etxeak (eurak ordekatuta) nahiago izan zuen akordioa egitea epaitegira jotzea baino.

Urte luze hauetan zulo horren onuradun nagusiak txirrindulariak izan dira, hainbat kirol proba antolatu baitituzte han sortutako aldapa baliatuta, ziklo kros lehiaketak antolatzeko eta puntako kirolariak ekartzeko.

Argazkiak: Asier Mardones

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide