Zazpi furgoneta gehiago jaitsi dituzte Unai Etxebarriak eta hainbat boluntariok aste honetan Valentziara

Aitor Aspuru Saez 2024ko aza. 14a, 17:05

Astearte goizean jaitsi ziren euriteek kaltetutako eremura eta bart heldu ziren Aiaraldera, banaketa egin eta gero.

Unai Etxebarriak eta beste hamalau boluntariok elkartasun bidaia berria egin dute aste honetan Valentziara, euriteek txikitutako herrietara. Berez, garbiketarako makina mordoa jaitsi ez ezik, higiene eta produktu zehatzak ere eraman dituzte: laktosarik gabeko esnea, glutenik gabeko janaria, azal atopikoentzako txanpua, neurri txikiko eta handiko arropa edota barruko arropa, esaterako.

Asteartean abiatu ziren eta atzo gauean itzuli ziren eskualdera. Hamaika oztopori egin behar izan diete aurre. "Kontrol ugari daude, polizia eta armadarenak. Hortaz, 112-ko baimena lortu behar izan dugu modu inprobisatuan", azaldu du Etxebarriak.

Hobeto, baina pasarte apokaliptikoak oraindik

Aiaraldearrek zeharkatu zuten lehen herria Catarroja izan zen, eta hobeto ikusi zuten. Hortaz, Masanasara jo zuten. Han soinu sistema bidez auzokideei adierazi zieten laguntza zutela banatzeko eta horri ekin zioten. "Badago jendea ezin dena etxetik mugitu. Nagusiak dira edota mugikortasun arazoak dituzte eta igogailua matxuratu dute uholdeek. Kasu horietan balkoitik eskatzen ziguten behar zutena eta guk eramaten genien", aipatu du gazteak.

Boluntarioek Orbako auzora jo zuten, aurreko bidaiaren lehen geltokia izan zena, alegia. 
Aiaraldearrek nabaritu dute hobekuntza, baina horrek ez du esan nahi irudi harrigarrien lekuko izan ez direnik: "Kalean ez dago autorik jadanik, baina futbol zelai batean utzi dituztelako guztiak. 5.000 baino gehiago daude pilatuta".

"Kalean ez dago autorik, 5.000 auto pilatu dituzte futbol zelai batean"

Hiru bide jarraitu dituzte laguntza guztia banatzeko. Alde batetik, deskarga bat egin zuten dena galdu zuen hipika batean. Beste bi furgoneta auzolan puntuetan utzi zituzten eta azkenik, auzoz auzo zeuzkaten produktuen zerrendaren berri emanda banan-banan banatu zuten lau furgoneten edukia.

Azkenean, atzo arratsaldean itzuli ziren, euriteen alerta berriro piztu baitzuten.

"Putreak" zonaldean

Unai Etxebarriak azpimarratu nahi izan duen beste errealitate bat izan da kaltetuetako eremuetan garbitzeko enpresa pribatuak kontratatu dituztela. "Florentino Perezen Ferrovial ikusi dugu, adibidez" adierazi du; eta, bere ustez, hori ez da albiste ona. "Merkatal guneak garbitzeari ematen ari diote lehentasuna eta han garbitu behar dena dira jendearen etxeak, oraindik lokatz mordoa dago eta badirudi eurentzat lehentasuna Mercadona dela", salatu du.

"Enpresa pribatuak kontratatu dituzte garbiketa lanak egiteko, baina ez diote lehentasuna eman jendearen etxeak garbitzeari, merkatal guneei baizik"

Horrez gain, gazteak azaldu du gizakien alde ona zein txarra azaleratzen ari dela. "Badago jendea dena ematen ari dena eta laguntza gutxi hartzen duena, baina badaude beste batzuk ahal beste laguntza hartzen dutenak, gero saltzeko".

Beste bidaia bat agian

Aiaraldearrak aurreratu du abenduan beste bidaia bat egiten saiatuko dela, gabeziak oso handiak direlako oraindik. "Elektrogailuak eramatea nahiko nuke, jendeak dena galdu baitu", ziurtatu du.

Edonola ere, atsedenaldia behar duela argitu du ere: "Hau psikologikoki oso gogorra da, ez bakarrik hango egoeragatik. Nik bitartekari lanak egiten ditut maiz eta pertsona askorekin hitz egin behar dut, gauzak koordinatu...".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide