Aiarako Udalak mezu berria helarazi dio Arabako Foru Aldundiari A-15 eta A-16 autobus lineei dagokienez. Izan ere, foru erakundeak ekainean iragarri zituen aldaketak zerbitzuak handitzeko; baina, tokiko udal gobernu taldearen aburuz, egindakoa ez da nahikoa.
A-15 linearen kasuan (Gasteiz, Amurrio eta Laudio lotzen dituenak), Aiarako Udalak gogoratu du Luiaondo dela udalerriko administrazio batzar jendetsuena (1.300 biztanle) eta ez daukala Gasteizekin lotzen duen bestelako zerbitzurik. Hortaz, ez dute ulertzen zergatik ez diren herrian sartzen ibilbide hori egiten duten autobus guztiak: "ofizialki bidaia ez litzateke bi minutu baino gehiago luzatuko".
A-16 lineak Artziniega, Amurrio, Laudio eta Okondo zeharkatzen ditu eta zerbitzua Luiaondon ez sartzeak (ibilbide paraleloa eginda) sortzen du Aiarako udalerrian eta kanpoan dauden ekipamenduetatik (ikastola, igerilekuak, etab.) eskegita geratzea, Udalaren aburuz.
"Klima-aldaketaren aurrean dugun erronketako bat garraioaren kudeaketa da, Arabako kutsaduraren %40 sortzen baitu. Horregatik, autobusaren zerbitzu publikoa gure udalerrian eman beharreko irtenbideetako bat dela uste dugu, biztanle gehien dituen kontzejua integratuz", aldarrikatu du Aiarako Udalak.