Hotel-spa bat, museo bat eta gastronomiari eskainitako espazio bat atontzea proposatu du Estela Roca Rom arkitekto katalanak Kexaako Monumentu Multzoari begira. Berak diseinatutako "Kexaa garaikidea" proposamenak irabazi du Arabako Foru Aldundiak abiatutako ideia lehiaketa.
Uztailean zabaldu zuten proiektuak aurkezteko deia, Kexaako Monumentu Multzoa Aiaraldeko eskualdearen garapen ekonomikorako elementu gisa sustatzeko.
Zehazki, honakoa da Roca Romek proposatzen duena: hotel-spa bat eraikitzea aiararren jauregi oinetxean, museo bat sortzea monumentu multzoko elementu historikoekin, bisita kulturalak antolatzea eta gastronomiari eskainitako espazio bat atontzea Done Joan Bataiatzailearen komentuan.
Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusiak nabarmendu du proposamen irabazleak "lehiaketaren helburu nagusiari" erantzuten diola: "Identifikatzea zer erabilera publikok, pribatuk edo lankidetza publiko-pribatua oinarri duenak ematen dioten garrantzia Kexaako Monumentu Multzoari". Bere hitzetan, proiektua "palanka eta pizgarri" izan behar du, "etorkizunean ekimen pribatuak eta lankidetza publikoak gidatutako ekintzak identifikatzeko edo erakartzeko, balio horiek errespetatzen dituen birgaitzea egin ahal izateko eta Aiaraldearen garapen eta dibertsifikazio ekonomikoan laguntzeko".
Orain, proiektua garatzeko sustatzaileak bilatzeari ekingo dio Foru Aldundiak, "lankidetza publiko-pribatua oinarri"
Aldundiak nabarmendu duenez, Kataluniako arkitektoaren proiektuak eraikin garaikideak atontzea proposatzen du ondare historikoaren barruan, "box in box" deritzon kontzeptua baliatuta. "Horretarako, lehendik dagoen arkitektura errespetatzen duen esku hartze dotorea diseinatzen dute, eta oso poetikoak diren espazioak proposatu, gogora ekarrita bakea, simetria, ondarearekiko errespetua eta natura ingurunea behatzea bezalako balioak", goraipatu du foru erakundeak.
Orain, proiektua garatzean interesa izan dezaketen sustatzaileak bilatzeari ekingo dio Aldundiak, "lankidetza publiko-pribatua oinarri". Horri lotuta, "planteamendu irekia" dutela nabarmendu du erakunde publikoak, eta kontuan izango dituztela lehiaketara aurkeztu diren beste proposamen batzuk ere.
Studio Mistura SLP enpresaren "Historiaren oihartzunak" egitasmoak lortu du lehiaketako bigarren saria, ondorengo elementuak proposatuta monumentu multzorako: "paradore bat, kalitate handiko jatetxe bat, aiararren leinuaren interpretazio zentro historiko bat eta kultura eta turismo ekitaldiak eta bisita gidatuak".