Euskadiko Ziklokros Txapelketa igandean erabakiko da Ibaguengo zirkuitu berrian

Erredakzioa 2024ko abe. 27a, 10:00

Iazko edizioko irudia. / Aiaraldea.eus

Aiarako V. Ziklokrosak bigarren aldiz jarraian balioko du Euskadiko kategoria guztietako irabazleak ezagutzeko.

Txirrindularitza zaleek hitzordu polita izango dute igandean Ibaguengo kirolgunean, Euskadiko Ziklokros Txapelketa egongo baita jokoan kategoria guztietan. Aurtengoa V. edizioa izango da eta bigarren aldiz jarraian banatuko dira Euskadiko txapelak.

Aiala Txirrindularitza Elkarteak eta Iñaki Isasi Taldeak (hau da, antolatzaileek) ziurtatu dute zirkuitu anitza prestatu dutela. Tarte batzuk oso teknikoak izango dira eta beste batzuk, ordea, indarra erakusteko modukoak. Aipatu beharra dago aurtengo zirkuitua ezberdina izango dela, egin behar zen kiroldegiak utzitako hutsunea lurrez bete baitute aurten.

Puntako eta tokiko kirolariak ikusteko aukera

Gogoratu beharra dago lasterketa honek parte-hartzaile ospetsuak izan dituela. Adibidez, iazko irabazleak Alicia Gonzalez  eta Gorka Izagirre izan ziren, biak Movistar taldeko kideak. Gainera, Omar Fraile edota Jonathar Lastrak ere izena eman zuten proban.

Duela urte gutxi Hodei Muñoz luiaondoarra gailendu zen kadeteetan eta aurten antolatzaileek espero dute Mirari Gotxi edota Iñaki Carro lehen postuetan aritzea.

Berez, lasterketen ordutegiak honako hauek izango dira:

  • 10:00 // Master 40, 50 eta 60
  • 11:00 // Kadeteak
  • 12:00 // Junior eta Open emakumezkoak
  • 13:00 // Elite eta 23 urtetik azpikoa eta Master 30
  • 14:15 // Sari banaketa
  • 10:00 // Master 40, 50 y 60

Jose Migel Ganzedo omendua

Aiarako Ziklokrosak Jose Migel Ganzedo (berriki zendu den aiararra) omenduko du. Izan ere, Ganzedo Aiala Txirrindulari Elkarteko sortzaileetako bat izan zen eta baita zale sutsua ere.

Besteak beste, 1960ko hamarkadan La Vueltako txirrindulen komisarioa izan zen birritan eta beste bi aldiz parte hartu zuen KAS taldeko mekaniko gisa. Edonola ere, bere ekarpen handia tokiko taldea babestea izan zen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide