Izoriako jaien antolatzaileek espero dute aurreko asteburuko arrakasta gainditzea larunbat honetan. Horretarako, goizean hasi eta gauean bukatuko den egitaraua prestatu dute.
Ospakizunak 11:00etan abiatuko dituzte patata tortilla lehiaketarekin eta antolakuntzak berak emango dizkie parte hartzaileei arrautzak, patatak eta tipulak.
Hurrengo ekintza 18:00etan izango da familia ororentzat. Hain zuzen, Euskaraldiaren hurrengo edizioa aurkeztuko dute eta Kidam Magoaren Aroa eta mirariak ikuskizuna egongo da jarraian.
20:00etan Etxebarria aita-semeen unea helduko da. Trikitilari horien esku egongo da giroa berotzea, parrillada herrikoia egiten duten bitartean.
22:30ean hasiko dira kontzertuak. Alde batetik, Gauargi taldeak erromeria eskainiko du eta DJ Masak hartuko du lekukoa gaua luzatzeko.