Aiarako Udalak salatu du Luiaondoko geltokiko erabiltzaileak kaltetu dituela Renfeko ordutegien aldaketak

Aitor Aspuru Saez 2025ko urt. 10a, 15:30

Renferekin jarri da harremanetan Aiarako Udala.

Tokiko erakundeak adierazi du 7:30ean Luiaondotik igarotzen zen trena kendu dutela eta horrek arazoak sortu dizkiela erabiltzaileei, lan egiteko edo kontziliaziorako traba bilakatuta.

Aiarako Udala oso modu kritikoan adierazi da Renfek C-3 linean egindako ordutegi aldakatei buruz. Izan ere, ezarritako Civis zerbitzuek ez dute geltokirik Luiaondon eta horrek ekarri du hamasei tren gutxiago gelditzea Aiaran.

Horren eragin zuzenena pairatzen dute goizeko lehen orduko erabiltzaileek, 7:30ean igarotzen zen trena gabe geratu baitira urtarrilean. "7:30etako trena, Luiaondon lanera edo ikasketetara joateko erabiltzaileek hartzen zutena, kendu egin da, eta horrek protestak eragin ditu, beharrezko ordutzat jotzen baita. Gauza bera 8:30etako trenarekin", azpimarratu du Udalak.

Renfe ez da agindutakoa betetzen ari Luiaondon

Tokiko erakundeak aldarrikatu du urtarrilean ezarritako moldaketekin Renfek aipatu zuela bere asmoa zela ordu laurdenero lotzea Laudio eta Bilbo eta ordu erdiro Urduña eta Bilbo, baina hori ez da gertatzen Luaiondon. "Tren bat dago 7:18ean eta beste bat 7:54ean, hau da, ordu erdi baino gehiagoko tartearekin", nabarmendu dute.

Konponbide eske

Ulertuta Renferen asmoa garraio publikoaren erabilera sustatzea dela, Aiarako Udala enpresarekin jarri da harremanetan egoera konpontzeko, baina, momentuz, ez du lortu. Bide errazena litzateke 7:30ak aldera Luiaondotik igarotzen den Civis zerbitzua Luiaondon geratzea, baina enpresa publikoak argudiatu du Civis bat Aiaran gelditzeko baldintzak ez direla betetzen, ez dagoelako erabiltzaile kopuru nahikorik.

Civis trenak Luiaondon gelditzea, bide bakarra

Edonola ere, Aiarako Udalak uste du eragindako kaltea ezerezean uzteko aukera dela Civis zerbitzuak Luiaondon gelditzea, eta hori exijitu dio Renferi.

Halaber, aldarrikatu du garraio publikoa ezinbestekoa eta garrantzitsua dela Aiaran: "Luiaondo Aiarako udalerriko kontzejurik jendetsuena da, 1.300 biztanle ingurukoa. Udalerriko 24 kontzejuek trenez komunikatzen duten geltoki bakarra hor dagoena da, eta Aiaran bizi direnak joaten dira geltoki horretara trenean sartzeko. Biztanleria potentziala ia 2.900 biztanlekoa da, eta biztanleria horrek mugikortasun-arazo larriak ditu, udalerria sakabanatuta dagoelako eta zerbitzu publikoak urriak direlako".

Bide batez, gogoratu dute tren zerbitzuarekin ez ezik, autobusekin ere arazoa dutela, ez direlako Luiaondon sartzen, eta aldarrikatu dute udalerria ezin dela zokoratuta geratu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide