HECTOR BORGE

"Euskaldun berria naiz, niretzat aukera bikaina da euskaraz harremanak eta solasaldiak izateko"

Erredakzioa 2025eko maiatzaren 22a

Aiaraldeko Hamaikakoa osatzen du Hector Borgek. / Aiaraldea.eus

HECTOR BORGE aiararrak eskualdeko Hamaikakoa osatzen duen kideetako bat da. Euskaraldia harremanak euskaraz sortzeko tresna bikaina dela aldarrikatu du.

Zer da Euskaraldia zuretzat?

Euskaldun berria naiz, niretzat aukera bikaina da euskaraz harremanak eta solasaldiak izateko eta normalean euskaraz hitz egiten ez dudan jendearekin harremanak euskaraz izateko. 

Horrela, gero denboran zehar mantentzen den ohitura bat erraz sortu edo mantendu daiteke. Inguruagatik edo ohituragatik, pertsona askorekin harremanetan jartzen gara gaztelaniaz. Zaila da ohitura aldatzea, baina horrelako jarduerek harreman hori euskaraz berriro sortzen laguntzen digute.

Era berean, arrazoi bategatik edo besteagatik ez dugu euskaraz nahiko genukeen jarioarekin hitz egiten, uste dut oso aukera ona dela euskaraz modu naturalagoan edo arinagoan hitz egiten dutenekin harremanak euskaraz praktikatzeko eta sustatzeko.

Nola parte hartuko duzu bertan?

Ahalik eta modu naturalenean, urtez urte errazagoa iruditzen zait. Aurreko edizioetan bezala, nahiz eta hitz egiten ari naizen gaiaren arabera, batzuetan hitzik gabe geratuko naizen, ahobizi izango naiz. 

Esparru batzuetan errazagoa egiten zait hori egitea: lanean, kirola egiten dudan bitartean edo dagoeneko euskaraz erlazionatzen naizen pertsonekin nagoenean. Hauetan asko pentsatu gabe egin dezaket eta. Agian, zailagoa izango zait hizkuntzaz aldatzea, txipa aldatzea, normalean beste hizkuntza batzuetan erlazionatzen bainaiz pertsonekin edo administrazioarekin zeozer egin behar denean. Baina, hain zuzen ere, hori da kontua, gure erosotasun eremutik pixka bat ateratzea.

Zure inguruko hizkuntza ohituretan eragina izango duela uste duzu?

Zalantzarik gabe, bai. Gero eta pertsona gehiagorekin hitz egiten dut eguneroko eginbeharretan euskaraz, eta ez da kasualitatea. 

Urte asko dira egunero, lanean edo telefonoari erantzuten diodanean proba dezente egiten ditudala. Gure ohiturak alda daitezkeela erakusten duen frogatuta daukadan adibide erraz eta argi bat da beste pertsona batek entzuten duen lehen hitza euskaraz bada, zuri berdin erantzuten saiatuko dela, baina ohituragatik edo aurreiritziengatik elkarrizketa beste hizkuntza batean hasten badugu, litekeena da, jakin arren, euskaraz ez erantzutea.

Nire iritziz, arreta berezia jarri behar diogu elkarrizketen hasierari, horrek markatzen baitu pertsona horrekin izango duzun elkarrizketa edo harreman guztia.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide