Umeak izango dira aurtengo Luiaondoko Aste Kulturalaren protagonista nagusiak, gaurdanik hasita

Aitor Aspuru Saez 2025eko ekainaren 16a

Holi hautsen jaia egingo dute ostiralean. / Aiarateka

Haurrentzako jarduerak ez ezik, helduentzat ere egongo dira, baina adingabeei bideratu dute egitaraua, gehienbat.

Gaur abiatuko dute Luiaondoko Aste Kulturala Aiarateka elkarteak, tokiko Administrazio Batzarrak eta Aiarako Udalak. Beste urteekin alderatuta, haurrak izango dira jarduera gehienen hartzaileak. 

Egitaraua larunbatera arte luzatuko da eta gaur 18:00etan ludotekan gai garrantzitsua zein ahaztua landuko dute: dolua umeen artean eta beharrezko tresnak prozesu horri aurre egiteko. Alazne Elejalde psikologoaren eta Maitane Perez idazlearen eskutik jorratuko dute gaia.

Bihar ekintza arinagoak egongo dira umeentzat. Izan ere, Otueta Gizarte Etxean 17:30ean hamabi urteko azpikoentzat akuarela tailerra eskainiko dute eta ordu berean, baina Ludotekan, haurrentzako tailerrak.

Asteazkenean kantxa estalian bi proposamen egongo dira. 17:00etan altxorraren bila arituko dira eta 18:30ean, aldiz, bizikleta ginkana egingo da. Bigarren ekintza horretan norberak bere txirrindula eraman beharko du.

Arropa, txoripana eta zinema

Ostegunean eskaintza hirukoitza izango da. 17:30ean arropa kustomizatzeko tailerra egingo dute, 19:00etan txoripana nola prestatzen den azalduko dute eta 21:30ean, azkenik, Korterraza film laburren jaialdi ibiltariaren txanda izango da. Dena frontoian izango da eta txosna zerbitzua egongo da.

Ostirala eta larunbata, helduentzat ere

Egitarauaren izaera anitzagoa izango da Aste Kulturalaren azken bi egunetan, umeak ahaztu gabe. Hain zuzen, ostiralean aurpegi margoketarekin hasiko dira 18:00etan pilotalekuan eta 19:30ean Kaitin Allende umoregile okondoarrak bakarrizketa eramango du, biran buru-belarri sartuta baitago.

21:00etan Holi festaren unea izango da. Pertsona bakoitzak bere holi hautsak eraman ditzake edo bertan erosi (poltsa batek euro eta erdi balioko du eta lauk, ordea, bost euro). Antolatzaileen aholkua da kamiseta zuria eta urpeko betaurrekoak janztea. 

Ordu berean KM Music DJren txanda izango da. Txosna zerbitzuak edaria eta ogitartekoak jarriko ditu eskura.

Amaitzeko, larunbatean parrillada antolatu dute 19:00etan. Tiketak egun berean salgai egongo dira.

Ekintza guztiak dira doakoak, baina umeentzat diren gehienak exijitzen dute aurretik izena ematea 688 78 36 67 telefono zenbakian.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide