Haurrekin dolua lantzea helburu duen ipuina kaleratu berri duzu. Nondik sortu zen gaiari heltzeko beharra?
Nire alabak bost urte zituenean birramama hil zitzaion, eta ez zuen egoera ulertzen. Ume zein pertsona helduok pairatzen dugun egoera da, baina umeekin oso-oso gutxi landu egiten da dolua. Askotan uste dugu ez direla jabetzen, edo ez dutela sufrituko, baina sufritzen dute. Nire alabak eta nire ilobek egoerari aurre egin ziezaioten idatzi nuen istorioa. Guretzako zen, familiarentzako istorioa zen, baina gauza baten eta bestearen artean, azkenean argitaratu egin dut.
Nola lantzen da ipuinean doluaren gaia?
Istorioaren protagonista Haizene deitzen da, azeri bat da. Nire alaban oinarritutako pertsonaia da, bera ere Haizene deitzen da eta. Istorioa kontatzen lantzen da, nola norbait hiltzerakoan oroitzapenen bidez gogoratuko ditugula pertsona horiek; hau da, gure bizitzan jarraituko dutela beste modu batean.
Ipuinarekin umeei ulertarazi nahi diedana da pertsona guztiok pairatuko dugula dolua, eta galdutako pertsona horiek oroitzapenen bidez gure artean mantenduko ditugula. Izan ere, hori da umeei ulertzea gehien kostatzen zaiena; nola den posible pertsona bat egun batean gure artean egotea eta hurrengoan ez. Azaldu behar diegu ez direla berriro itzuliko, eta utzitako oroitzapenak dira haiekin egoteko dugun modu bakarra.
Zergatik uste duzu hain gutxi lantzen dela dolua haurrekin?
Gure beldur propioen eraginez. Uste dut helduok ere ez dakigula dolua nola kudeatu behar dugun. Guk ez badakigu kudeatzen, umeekin ezingo dugu inolaz ere landu.
Gazte nintzelarik nire kuadrillako hiru lagun hil egin ziren. Idazten eta haien oroitzapenak gordetzen gainditu dut nik doluaren alderdirik gogorrena. Haien oroitzapen onak ditut buruan, eta horregatik daude gaur egun gurekin. Niri asko kostatu zitzaidan hori ulertzea, nola azaldu behar diot, orduan, nire alabari nola igaro behar duen dolua?
Guri kosta egiten zaigu ulertzea egunak aurrera joan ahala galdu dugun pertsona hori gure artean ez dagoela. Pentsa zenbat kostatu behar zaien umeei gauza bera onartzea.
Ikusi duzu emaitzarik, alaba eta ilobekin ipuina landu ostean?
Nire alaba asko lasaitu egin zen. Ipuina hainbatetan entzun behar izan zuen, hasieran ere ez zuen ulertzen. Onartu eta ulertu egin du amama hemen ez dagoela, eta ez dela itzuliko. Orain triste jartzen den bakoitzean amamaren oroitzapen batera jotzen dugu, horretaz hitz egiten dugu elkarrekin, eta lasaitu egiten da.
Zure familiarentzako ipuina behar zuenak, argitaletxe batera egin du jauzi.
Zoramena izan da. Sorpresa handia. Bat bateko gauza izan zen, ipuin honek etxerako behar zuen. Nire alabarentzako ipuina inprimatzeko leku baten bila nengoen, eta halako batean hiru argitaletxeren deiak jaso nituen. Urduri jarri nintzen, ez nuen erantzun hori espero inondik inora, baina pozik nago emaitzarekin. Gertuko pertsonekin hitz egiterakoan denak datoz bat: dolua landu beharreko gaia da, nahiz eta umeekin jorratzeko gai gogorra izan, eta, horretarako, ipuin oso egokia da.
Lehenengo aldia da haurrentzako ipuin bat idazten duzula?
Lehenengo aldia da ipuin bat argitaratzen dudala, baina nik asko idatzen dut. Alabari makina bat ipuin idatzen dizkiot, eguneroko bizitzari buruzko istorio pilo. Nire sentimenduak adierazteko ere asko idazten dut, nahiz eta gero ipuin horiek normalean inorekin ez partekatu.
Nerina Vallejoren ilustrazioz lagunduta dator ipuina. Ezagutu duzue elkar?
Madrilgo ilustratzailea da bera. Ez dugu elkar ezagutu aurrez aurre, baina askotan hitz egin dugu telefonoz.
Banituen ideiak, banekien zer nahi nuen nire istorioa ilustratzeko. Adibidez, pertsonaietako bat Amama Dortoka da, eta nire amaman eta nire senarraren amaman oinarrituta egotea zen nire nahia. Berari azaldu nizkion ideiak, eta lehenengo bozetoak bidali zizkidanean txundituta geratu nintzen. Oso pozik nago emaitzarekin.
“Umeei ulertarazi behar diegu pertsona bat hiltzen denean hil egin dela eta ez dela itzuliko”
Ikastetxeetan dolua lantzeko tresna bat bilakatzea nahiko zenuke. Irakaslea zara zu, uste duzu tresna baliagarria izan daitekeela?
Baietz uste dut. Dolua landu beharreko gaia da, eta emozioen bidez landu beharra dago. Ezin da gainetik azaldu, sakonera jo beharra dago, eta umeek ipuinen bidez askoz hobeto barneratzen dituzte horrelako gauzak. Aurretik aipatu bezala, lehenik eta behin umeei ulertarazi behar diegu pertsona bat hiltzen denean hil egin dela eta ez dela itzuliko. Izan ere, askotan dute buruan hildako pertsonak itzuliko direla, eta hori ez da horrela. Ulertarazi behar diegu ere egoera horrek sortzen duen mina amaitu egingo dela, eta ipuin honek hor jarri nahi du arreta; oroitzapenak lantzearen beharrean. Askotan ez dizkiegu umeei gauzak azaltzen pentsatuta ez dutela ulertuko, baina hori ez da horrela izan behar; gure ardura da gauzak ulertaraztea. Eta nahiz eta mingarria izan adieraztea, badaudela moduak dolua pasatzeko, kasu honetan oroitzapenen bidez.
Lankide eta lagunen partetik zer iritzi jaso duzu?
Aitortu behar dut oraindik oso gutxi zabaldu dudala. Nire kuadrillaren erdia irakasleak dira eta oraindik ez diet kopiarik pasa (barreak). Etxean asko hunkitu ziren ipuinarekin. Nire eskolan ere baliatzen ari dira ipuina. Izan ere, gertutik ari dira orain heriotzaren gaia lantzen, eta Haizeneren istorioa baliagarria egin zaie. Oso iritzi onak jaso ditut orokorrean. Ideia zabala da, eta erabiltzen dudan hiztegia ez da batere zaila, umeek ulertzeko. Mezua zabala da, baina zehatza. Lantzeko tresna egokia da. Ni LHko 1. eta 2. mailako irakaslea naiz, baina lau urteko gelako tutoreak ere erabili egin du, eta oso pozik dago emaitzarekin. Ulergarria eta beharrezkoa da.
“Ulergarria eta beharrezkoa da ipuina”
Euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu duzu ipuina.
Nik euskaraz idatzi nuen ipuina hasiera batean. Argitaletxeak zuzendu egin zuen, baita nire kuadrillako filologo batek ere. Ez zuen aldaketa gehiegirik egin.
Ipuina aurkezteari ekingo diozu orain.
Erretes Lantenon aurkeztuko dut, datorren abenduaren 4an, Aiarateka elkartearen bidez. Handik aurrera ez dakit nora eramango nauen ipuinak, egia esan. Argitaletxetik ere eskaini dizkidate aurkezpenak eta abar, baina bi seme-alaba izanda eta lanean egonda zaila da dena agendan kokatzea. Nire asmoa da ipuin kontaketak egitea, (asko gustatzen zait horretan aritzea), aurkezpenak egitea… eta asmoa genuen Durangoko Azokara eramatea baina argitaletxea ez zen garaiz ibili eta aukera galdu dugu. Poliki poliki joango gara ikusten.
Gogoko duzu ipuin-kontalari aritzea?
Eskolan ipuin asko kontatzen ditut, asko gustatzen zait ipuin-kontalariaren papera. Etxean ere ipuin asko kontatzen ditut. Asko gozatzen dut ipuin-kontalari gisa, baina ezagutzen ez ditudan pertsonen aurrean aritzea beste kontu bat da. Ikusiko dugu nolako esperientzia izango den.
Ipuinaren sorkuntza prozesuan zehar zuk ere zerbait ikasi duzula uste duzu?
Ez dakit ikasi den hitza. Bizitzan zehar galdu ditudan pertsonen oroitzapenetara bueltatzen lagundu dit. Ezinbestekoa da gaia lantzea, dolua lantzea. Bakoitzak eskura edo baliagarriak zaizkion tresnekin: ipuin bat, pelikula bat, liburu bat, hitz egiten, margotzen… Baina doluak eragiten dizkigun sentimenduak atera behar ditugu, barruan gordetzen baditugu kalte egingo digute.
Oroitzapnenen indarra eta emozioen balioa
Doluaren gaia haurrekin lantzeko idatzi zuen Haizene eta oroitzapenen indarra ipuina maitane Perez Gomez amurrioarrak. Ipuniean landutakoetan sakontzeko asmoz, unitate didaktikoa sortu du. Hemen aurkitu daiteke hezitzaileentzako matriala.