Aingeru Olabarrietak Athletic Clubeko lehen taldea utzi zuen abuztuan bigarren mailan aritzeko eta minutuak eskuratzeko FC Andorran. Gaur bertan erakutsi du aprobetxatzen ari dela bere egonaldia printzerrian. Izan ere, bere lehen gola gauzatu du Gerard Piqué presidentearen aurrean eta etxean garaipena lortzeko bidea ireki du.
Hain zuzen, FC Andorra galtzen hasi da berehala Cordobaren kontra, lehen minutuan Petxarromanek gola egin baitu bere atean. 18 minutu igaro behar izan dira Aingeru Olabarrietak norgehiagoka berdintzeko.
Gero Kim Min Suk eta Danik beste bi aldiz zulatu dute Cordobaren atea eta 3-1 amaitu da partida. Olabarrietak ez ditu 90 minutuak jokatu, baina 69. minutura arte lehiatu da eta kazetarien kritikak oso onak izan dira.
🥶#AndorraCórdoba | #LaLigaHighlights pic.twitter.com/ydcDmaSkGM
— FC Andorra (@fcandorra) September 14, 2025
Emaitzari esker, Andorra bosgarren kokatu da sailkapen nagusian.
Ikusgarritasun handiko proiektua
Aingeru Olabarrieta ez dago bigarren mailako edozein klubean. Berez, FC Andorra Gerard Piqué FC Barcelonako kapitain ohiaren kirol proiektua da eta, horregatik, aparteko ikusgarritasuna dauka.
Ibai Gomez Athletic Clubeko jokalari ohia da entrenatzailea eta luiaondoarraren kideen artean badaude proiekzio handiko gazteak. Adibidez, Aron Yaakobishvili atezaina. Gazte hungariarra FC Barcelonak laga du.
🧤Ben segur, 𝒀𝑨𝑲𝑶 🔝#AndorraCórdoba | #LaLigaHighlights pic.twitter.com/v6pz7IZUMp
— FC Andorra (@fcandorra) September 14, 2025
Athletic Cluba
Azaldu bezala, Olabarrietak jarraitzen du Athletic Clubera lotuta, ez baitio jabetza Andorrari eman. Lezamako produktua da aiararra eta lehen taldeko dinamikan ibili da azken bi denboraldietan. Aipatu beharra dago 2024an egin zuela debuta, Iker Muniainek eta Raul Garciak kluba utzi zutenean, eta printzerrian abiatu duen abenturaren helburua nagusia, nola ez, Athleticera itzultzea da.
Denboraldia luzea bada ere, modu interesgarrian hasi du ibilbidea eta, esaterako, erreferentziazko jokalaria bilakatu da hedabideen aurrean partiden nondik norakoak baloratzeko.