Aiarako EAJk iraileko udalbatza baliatu zuen larrialdietarako etxebizitza baten erosketa proposatzeko. Izan ere, Udalak une hauetan duena Sindikatuaren eraikinean dago, hau da, Aiaraldeko Kuadrillaren egoitzak hartuko duen tokian.
Udalak larrialdietarako zerbitzu horren eskaintzarekin jarraitu dezan, jeltzaleek uste dute ahalik eta lasterren abiatu behar dela etxebizitza baten erosketa, eta zehaztu dute, euren ustez, kokapen egokiena Luiaondo dela. "Garraio-konexio hobeak eskaintzen dituelako, bai trenekoak bai autobusekoak, eta inguru hurbilean ordutegi zabaleko supermerkatu bat dagoelako, baliabidea erabili behar dutenen egunerokoa erraztuko lukeena", erantsi zuen Gentza Alamillo taldeko bozeramaileak.
2007tik indarrean eta behin baino gehiagotan erabilia
Larrialdietarako etxebizitza udal-titulartasuneko azpiegitura da eta duela hainbat hamarkadatik dago indarrean. 2007an sortu zuten araudia zehazteko nortzuk baliatu dezaketen. Berez, horren helburua da aldi baterako toki duina eskaintzea bat-bateko egoeren ondorioz ohiko etxebizitza gabe geratu direnei.
Gentza Alamillo bozeramaile jeltzaleak azpimarratu duenez, "larrialdiko etxebizitza behin baino gehiagotan erabili dute, 2019ko eta 2021eko suteen ostean bezala, eta egoera ahulean dauden familiei erantzun azkarra emateko funtsezko baliabidea dela erakutsi du. Horregatik, ezin dugu aukerarik gabe geratu, aurreikuspen faltagatik".