Aiarako Udalak %11,38ko igoera ezarriko du zabor bilketaren tasan, europar legedia betetzeko

Aitor Aspuru Saez 2025eko azaroaren 6a

Aiaraldeko Kuadrillako zabor bilketa zerbitzuko kamioietako bat. / Aiaraldea.eus

Asteartean egindako ezohiko udalbatzan onartu zuten neurria, baita %10eko hobariak ere, konpostajean parte hartzen dutenentzat.

Aiarako Udalak zabor bilketaren tasaren %11,38ko igoera adostu zuen asteartean aho batez. Ezohiko udalbatza egin zuten horretarako eta %10eko hobariak ere onartu zituzten "konpostajea (partikularra zein komunitarioa) egiten dutenentzat, bai eta edukiontzi marroian alta emanda daudenentzat eta erabiltzen dutenentzat ere. Era berean, hobari bera emango zaie elikagai-soberakina biltzen parte hartzen duten erakundeei. Hobari horiek 2027tik aurrera aplikatuko dira, 2026an hobaria eskatzen dutenen norberaren birziklapenari buruzko datuak bildu ondoren", argitu du udal gobernu taldeak.

Araudi europarra eta azpikontratazioaren garestitzea

Igoera horren arrazoia azaltzeko, Aiarako Udalak gogoratu du Europar Batasuneko araudiak ezartzen duela zabor bilketaren zerbitzua autoaskia izan behar dela ekonomikoki. Espainiako estatuan Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko 7/2022 Legeak markatzen du helburu hori.

Baina autosufizientzia xede horietaz gain, bestelako aldagaiak egon dira zerbitzua garestitzeko. Izan ere, Gardelegiko zabortegiko hondakinen tratamendurako kanon berriak "igoera handia" izan duela aipatu du tokiko erakundeak. Halaber, Aiaraldeko Kuadrillako bilketa zerbitzuaren lizitazio berriak bikoiztu egin du orain arte ordaintzen zen prezioa.

Aipatu beharra dago Aiarakoa ez dela horrelako neurriak hartzera behartua egon den eskualdeko lehen Udala, Amurriokoak %73,13ko igoera egin beharko du 2026an.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide