Solaria enpresak jarraitzen du 100 kilometro baino gehiagoko goi-tentsioko linea eraikitzeko asmoz Bizkaian eta Araban. Eskualdeari dagokionez, egitasmoak Aiara zeharkatuko luke 11 kilometrotan eta tokiko Udalak neurriak hartu ditu egitasmoaren kontra.
Berez, otsailean EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen enpresaren iniziatibaren kontra eta Aiara Batuzen babesarekin udalbatzan onartu zuten.
Testuan aldarrikatu zuten Solariaren ereduak ez duela sustatzen trantsizio energetiko justua eta iraunkorra eta exijitu zioten Eusko Jaurlaritzari energia berriztagarrien esparrua arautzea eta ordena jartzea. Halaber, Arabako Foru Aldundiari exijitu diote parte hartze prozesuak abiatzeko herritarrek erabaki dezaten zein trantsizio energetiko mota nahi duten.
Erakunde horiei ere proposatu diete Solariak eskatutako baimenak ez ematea.
Solariari ez Aiaran
Halaber, udalbatzan argi berdea eman zioten dirua bideratzeari Solariaren egitasmoa bertan behera uzteko. Horren isla dira Udalak aurkeztutako alegazioak eta norbanakoentzat ere egin dituenak. Herritar interesdunek eskatu ditzakete udal bulegoetan.
Izan ere, alegazioetan adierazi dutenez, proiektuak udalerria erabat alda dezake, bere garapena baldintzatzen baitu, egungo landa eremuko izaera kolokan jarrita.
Hori argudiatzeko aipatu dute proiektuak menpeko lursail ugari hartuko dituela; 76 metro arteko zabalerakoa aireko linearen kasuan, eta 7 metroko zortasun iraunkorrak lurpeko tartearen kasuan.
Tokiko erakundearen iritziz, lur okupazio horrek eragingo du lurzoruaren erabilera etengabe mugatzea, nekazaritzako, basogintzako eta abeltzaintzako erabileren murrizketak, etorkizuneko hirigintza-garapena baldintzatzea eta eragindako jabetzen debaluazio ekonomikoa.
Bestelako argudioak ere jaso dituzte aurkakotasuna justifikatzeko. Besteak beste, landa paisaiaren degradazioa, aiararren interesak aintzat ez hartzea, proportzio falta egotea herritarren beharren eta eragingo den kaltearen artean, proposatzen dituzten beste egitasmoen kalte metatua ez dela kontuan hartu eta ez dutela frogatu bestelako alternatibarik egotea energia garraiatzeko.
Gogoratu beharra dago hauek direla Aiarako Udalak prestatu dituen alegazioak, 2024an egin zuten eta.