Uztailaren 10ean bukatuko da Solaria enpresaren goi-tentsioko linearen kontra alegazioak aurkezteko epea

Oihane Ozaeta Fernandez 2024ko uzt. 8a, 12:16

Lineak Aiaraldean barrena egingo lukeen bidearen mapa. / Lezamako administrazio batzarra

NANean agertzen diren datu pertsonalak baino ez dira jarri behar alegazioan, eta asteazkena baino lehen entregatu behar da dokumentua udaletxean.

Uztailaren 10ean bukatuko da Aiaraldetik igaroko den “heriotzaren korridore” gisa izendatutako goi-tentsioko linea elektrikoaren aurkako alegazioak aurkezteko epea; asteazkenean, alegia. Arabako Kontzeju Elkartea (AKE) zein Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataforma Solaria enpresaren egitasmoaren kontra agertu dira, eta alegazioak sustatu dituzte, baita Aiarako Udala zein hainbat administrazio ere (Aiarako hamar baino gehiago eta Lezama, esaterako).

Solaria enpresak egin nahi duen goi tentsio lineak 603 lursailen desjabetzea ekarriko du Amurrion, Aiaran, Okondon eta Urduñan. 100 kilometro eta 400 kv-ko linea da proiektuaren funtsa, Erriberabeitian (Araban) hasi eta Zierbenan (Bizkaian) amaitzen dena.

Horretarako, 50 eta 100 metro arteko garaiera duten dorreak behar dira, 400 m2 inguruko zapatekin eta 40 metro inguruko zabalerako zortasun-zerrendarekin.

Lezamako Administrazio Batzarrak salatu du inguruko zuhaitz guztiak moztuko liratekeela. Planoetan ikusten denez, azpiegiturak Lezama zeharkatuko luke Txibiarte ingurutik, San Anton magaletik igarota. Gainera, eguzki-parke handia aurreikusi da Txibiarteko egungo hausturetan.

Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak, bere aldetik, salatu du eskualde honetako lau udalerri eta bertako 603 lursailen jabeak zuzenean kaltetuak izango direla: 2 Urduñan, 254 Amurrion, 241 Aiaran eta 106 Okondon. Horren aurrean, plataformak alegazioak sustatu ditu Solaria enpresaren goi-tentsioko linearen kontra. 

Arabako Kontzeju Elkarteak, aldiz, oharra zabaldu du Solariaren proiektuak landa eremuan eragin kaltegarria izango lukeela salatzeko. Horren aurrean, eredu jasangarriak eta landa eremuarekin bateragarriak aldarrikatu ditu elkarteak.

Bukatzeko, Aiarako Udalak nabarmendu du goi-tentsioko linea berri hori udalerrian jadanik existitzen den baten ibilbide paraleloan joango litzatekeela. Horregatik, alegazioak sustatu ditu tokiko erakunde gisa. Administrazio batzarrek eta norbanakoek aurkezteko helegiteak ere prestatu dituzte.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide