Bea Isasik eta Joseba Mirasek jantzi dute eskualdeko bolarien txapela

Txabi Alvarado Bañares 2026ko apirilaren 20a

Asteburuan jokatu dira Arabako Bola-joko Txapelketako finalak Luiaondoko bolatokian.

Aparteko sorpresarik gabe ebatzi da Arabako Bola-joko Txapelketa aurten. Norgehiagoka guztiak zehar liderrak izan diren jokalariek jantzi dute txapela: Bea Isasi emakumezkoetan eta Joseba Miras gizonezkoen artean.

Asteburuan jokatu ziren finalak Luiaondoko bolatokian, otsailean abiatutako tiraketa maratoiari amaiera emanez. Okondo, Laudio, Beotegi,  Kexaa, Tertanga, Urduña, Artziniega eta Luiaondoko bolatokiak izan ditu geltoki txapelketak, 56 parte hartzaile bilduz orotara.

Larunbat arratsaldean eta igande goizean izan ziren Luiaondoko tiraketak. Ohikoan bezala, bolari bakoitza nahi zuenean bertaratu ahal zen bere zortzi jaurtiketak egitera. Gauzak hala, larunbateko txanpan jokalari gehienek jaurti zuten arren, lehen postuetan zeudenek igandera arte itxaron zuten azken indarrak neurtzeko. Ikusle gehienak ere orduan bildu ziren, lagunarteko giroan, eta barre, txalo zein oihu artean animatu zituzten kirolariak. Elkartasun keinuei ere utzi zieten tartea, Tubos Reunidoseko langileen aldeko bandera presente egon baitzen lehiaketako azken txanpa osoan zehar, eta baita horren osteko sari banaketan ere.

Gauzak hala, larunbateko txanpan jokalari gehienek jaurti zuten arren, lehen postuetan zeudenek igandera arte itxaron zuten azken indarrak neurtzeko.

Bea Isasi 655 punturekin gailendu zen sailkapenean. Bere atzean geratu ziren Estrella Alonso eta Gurutze Badillo, 612 eta 594 punturekin, hurrenez hurren.

Gizonezkoen artean, aldiz, Aitor Parrilla eta Carlos Olabarrieta geratu ziren Joseba Mirasen atzetik, 689 eta 683 punturekin. Txapeldunak, aldiz, 714 puntuko marka lortu zuen.

Dena dela, askoz sari gehiago banatu zituzten txapelketaren amaieran, sailkapen orokorrean nabarmendu zirenei edota herri bakoitzeko tiraketak gailendu ziren horiei.

Aiaraldea Komunikabidearen zuzeneko emisioa

Iaz bezala, Aiaraldea Komunikabideak zuzeneko emisioa egin zuen larunbat zein igandean, tiraketa guztien berri bolatokitik bertatik emanez.

Hemen ikusi daiteke larunbateko emisio osoa:

Eta hemen igandekoa:

Hurrengo geltokia, Okondo

Amaitu da txapelketa, baina lehia eta zaletasuna ez. Laudioko bolatokiko San Prudentzio Torneoa izango da eskualdeko bolarien hurrengo zita, ostiral eta larunbatean jokatuko dena.

Dena dela, etorkizunera begira, eskualdeko zaleek beste data bat dute egutegian markatuta: 2027ko uda. Izan ere, Okondon egingo da datorren urteko Euskadiko Bola Txapelketa, 50. edizioa izango dena, gainera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide