Larunbatean pilatuko dira Zuhatzako jaietako ekintza gehienak

Maider Ramirez Martin 2026ko uztailaren 8a

2023ko jaien irudi bat. / Aiaraldea.eus

Musika, gastronomia, antzerkia eta haurrentzako jarduerak izango dira nagusi. Larunbat honetan ez ezik, hurrengo asteburuan ere egongo dira ekintzak.

Hilaren 11n, 17an eta 18an ospatuko dituzte festak Zuhatzan, eta egitarau oparoa prestatu dute horretarako herritarrek. Batez ere, larunbat honetan pilatuko dira ekintza gehienak.

Goizean goiz ekingo diote jaiak ospatzeari, 9:15ean emango baitiote ongi etorria Pezukerari. Horren ostean, mendi martxa abiatuko dute. Haurrentzako puzgarriak ere egongo dira larunbatean, bazkalaurretik zein ostean.

13:00ean Zuhatzako jaietako ekintza kutunetako baten txanda izango da: Urteak daramatza gazte zein helduz osaturiko herritar talde bat festetarako antzerki ikuskizun bat prestatzen eta aurten ere ez dute hutsik egingo.

Izan eta egon deituriko pieza prestatu dute, hain zuzen, lau estatua gorpuztuko dituztelako jai eremuko lau txokotan: Askatasunaren Estatua, Cow Girl, Arlekina eta Txanogorritxu. Kritika soziala izan ohi da urteroko ikuskizun honen osagaietako bat, eta sorpresa-faktorea beti hor dagoen arren, aurten ere hala izatea espero da.

Paella bazkaltzeko elkartuko dira gero herritarrak. Berez, 10€ balio du tiketak, zortzi urtetik gorakoentzat, eta bihar da izena emateko azken eguna. 680357859 telefonoaren bidez egin daiteke.

Arratsalde partean, bingo musikatua eta apar festa egingo dute eta DJ Kaktusek jarriko du musika. Afaltzeko parrillada egongo da eta Arboledako trikitilariek girotuko dute iluntzea. Eguna ixteko Gautegun erromeria igoko da oholtzara. 

Hurrengo asteburuan ere ekintzak

Ospakizun gehienak larunbat honetan izango badira ere, datorren asteburuan amaituko dira Zuhatzako jaiak. Hilaren 17an, Arabako Plazetan ekimenarekin bat eginez, Superheroiak antzerkia egongo da txikientzat. 

Uztailaren 18an, larunbatez, emango diete festei amaiera, eguerdian meza eta luntxarekin eta arratsaldean Kaitin in the night bakarrizketarekin, Kaitin Allende umoregilearen eskutik.

EGITARAU OSOA

Uztailak 11, larunbata

9:15 // Pezukerari agurra
9:30 // Mendi martxa. Izen ematea 9:20tik aurrera.
13:00 // Puzgarriak
13:00 // Izan eta egon
14:30 // Paella-jana. Uztailaren 9a baino lehen eman behar da izena (680357859). 10€ 8 urtetik gorakoentzat.
16:00 // Puzgarriak
16:30 // Bingo musikatua
18:00 // Apar festa
19:30 // DJ Kaktus
20:30 // Parrillada eta Arboledako trikitixa
22:30 // Gautegun erromeria

Uztailak 17, ostirala

20:00 // Superheroiak antzezlana, Arabako Plazak zikloaren barruan

Uztailak 18, larunbata

11:30 // Kanpaikadak
12:00 // Meza
13:00 // Luntxa
20:00 // Kaitin in the night bakarrizketa
Ostean // Txokolatea eta zozketa

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide