Zuhatzako jaietan ikuskizuna egingo duzue. Zein da ekimen horren historia? Hainbat urtez egin duzue.
Anabel Perez Aguado: Nire seme-alabek hiruzpalau urte zituzten eta pentsatu nuen herriko beste umeekin denbora partekatzeko bide ona zela zerbait antolatzea, jaietan txertatuko genukeen ekintza bat.
Lehenengo edizioan bideo bat grabatu genuen: El durmiente. Eta gero sorkuntza lan mordoa egin ditugu: bideo gehiago, buruhandiak, antzezlanak, instalazioak...
"Ikuskizuna sortu zen Zuhatzako umeak denbora partekatzeko helburuarekin"
Gero eta konpromiso gehiagorekin eta arrisku gehiagorekin aritzen gara. Oso pozik gaude eta uste dut herria ere badagoela.
Arantza Urkijo Orueta: Nik hasieran parte hartu nuen Anaren herriko lagun gisa, Zuhatzako haurrekin ekintzak antolatzeko. Une horretan ez nintzen ama, baina Gael nire semearekin eta Laia eta Maren alabekin jarraitu dut urtero.
Beti laguntzen dut eta bada modu bat elkarrekin egoteko eta herrian parte hartzeko. Ikasten dugu, gozatzen dugu eta, gainera, herriko bizitzan parte hartzen dugu.
Zenbatgarren edizioa izango da larunbatean egingo duzuena?
A.U.O.: 25. edizioa dela esango nuke nik. Beti egiten dugu jaietan, Santa Marinan. Gero ere biltzen gara, baina ez zerbait sortzeko.
Zenbat lagunek parte hartu dute egitasmo honetan?
A.U.O.: Hasieran Anabel eta bere seme-alabak eta herriko beste ume batzuk ginen.
A.P.A.: Bai, Urkijotarrak, Izaskunen seme-alabak, Nagore, Garazi, Raisa...
A.U O.: Batzuek jarraitu dute eta beste kasu batzuetan ume txikiagoak batu dira.
A.P.A.: Beste herrietatik ere etorri dira, Arespalditzatik edo Delikatik.
A.U.O.: Ana eta biok beti aritu gara eta finkoak gara, baina gero egon da jendea joaten eta etortzen eta gero itzultzen. Nire seme-alabek ere parte hartu dute.
"Jende asko joan eta etorri da. Batzuk aritu dira eta utzi dute, gero itzuli dira..."
A.P.A.: Gure alde daukagu adina. Sartu ahal ditugu umeak inprobisatzen. Adibidez, Enarak aurkezlearen pertsonaia egingo du, baina ez du entsegurik egin.
A.U.O.: Egokitzen gara, egituratuta dago, baina inprobisaziorako tartea dago eta horrela sar daitezke umeak.
Aurten zer aurkeztuko duzue?
Laia Ugarte Urkijo: Zirku bat egingo dugu. Berez, nik iaz nahi nuen zirkuaren ikuskizuna egitea, baina aurten egingo dugu. Ni gimnasta izango naiz eta Maren dantzaria.
Maren Ugarte Urkijo: Guk balleta dantzatzen dugu eta ikasitakoa eramango dugu ikuskizunera.
L.U.U.: Gure ama izango da aurkezlea eta Anabelek magia egingo du.
M.U.U.: Ez dugu neurtu zenbat iraungo duen ikuskizunak, baina ordu laurden inguru izango da. Ez da oso luzea izango.
Zuek txikitatik bizi izan duzue hau, ezta?
M.U.U.: Guretzat errituala da. Ikasturtea amaitzen denean, hona etorri eta obra prestatzen dugu jaietarako. Bizpahiru astetan lantzen dugu.
"Beti dago kritika soziala gure lanetan. Aurten zentral eolikoak izango dira. Duela bi urte okupatzera behartuta daude familiak izan ziren"
Nolakoa da herriaren harrera?
M.U.U.: Denetarik dago, baina ohikoena da ondo ikustea.
A.P.A.: Ondo dago.
A.U.O.: Bai, oro har, ez digute galdetzen zerbait egingo dugun edo ez, barneratu dute zerbait egingo dugula eta batzutan ezustea hartzen dute.
A.P.A.: Egitaraua osatzen ari direnean galdetzen digute.
Aurten kritika soziala txertatuko duzue?
A.P.A.: Beti egiten dugu. Nik ez dut ezer sortzen ez badago ezer kontatzeko. Iaz herri kirolak egin genituen, baina duela bi urte egin genuen eszena bat: La casa única.
Gaia zen gaur egun dauden okupazioak zeinetan gela bakarra bilakatzen den etxe osoa familia batentzat, komuna eta sukaldea beste familiekin partekatzen dituztelako.
Egon ginen txokoan bizitzen 09:00etatik 21:00ak arte eta eragin genuen bazterreko toki bat okupatzeak sortzen duena: jendeak begiratzen gintuen eta ez zekien galdetu edo ez... Guneak prestatu genituen esertzeko eta partekatzeko, baina kanpotik etorritako herritarrek, ez gintuztenak ezagutzen, euren artean ari ziren hitz egiten esamesaka txirotasunari buruz: "Txiroak dira, hor bizitzen ari dira, arropa eskegita dute...".
A.U.O.: Bai, prestatu genuen txokoa bizitza osoa han egiteko. Denetarik zuen: ohea, arropa eskegita, sukaldeko gauzak, tokiak ikasteko, lo egiteko, atsedena hartzeko, jolasteko... Islatzen zituen elkartzera behartuta dauden familiak, beti ez dutenak aita eta ama... Hori islatu nahi genuen txokoan bertan.
A.P.A.: Aurten zentral eolikoei buruz mintzatuko gara. Herrietan arduratuta gaude lurraldea okupatu nahi dutelako gure beharrak alboratuta, ez dakigu noren mesederako, hiri handien eta lantegi handien kontsumorako ziurrenik. Landa eremuan lurraldea erosi, okupatu eta inposatzeko asmoa dute, baina guk eskubidea eta beharra dugu erabakitzeko nola nahi dugun gure lurra.
Zein ordutan izango da ikuskizuna?
A.U.O.: Larunbatean 13:30ean. Mostoa hartzeko ordua da eta bazkaria baino lehen. Une hori bilatu dugu, bazkaldu eta gero solasaldia baitago. Gure ustez, une egokiena da, arreta ziurtatzen baitigu.