Hodei Muñoz aiararrak jarraitzen du urrats sendoak egiten txirrindularitzan. Soudal QuickStep Devo Team-en eginiko denboraldiaren ondoren, Euskaltel-Euskadi taldera batu da 2028ra arte. Bi taldeek adostu dute 2006. urtean jaiotako kirolariaren fitxaketa eta abuztuan egingo du debuta Burgoseko itzulian. Gero klasikoak egingo ditu eta Txinara ere bidaiatuko du.
Kirolari gazteak eginiko denboraldia azpimarratu du Euskaltel-Euskadik: "Aurten, hainbat top 10 pilatu ditu, Alpes Isère Tourrean, Asturiasko Itzulian, Antalyako Tourrean eta, batez ere, Ruandako Tourrean, zortzi etapetatik zazpitan lehen hamarren artean, bigarren eta hirugarren izanik. Junior mailan, errepideko Espainiako Kopa irabazi zuen, eta Espainiako Ziklo-kros eta Gravel txapelduna izan zen".
Hodei Muñozek berak poztasuna adierazi dio Aiaraldea Komunikabideari aldaketagatik eta aurten izan dituen emaitzengatik. Komunikabideak galdetu dio zein helburu jarri dioten eta luiaondoarrak erantzun du puntuak lortzea izango dela bere xedea.
Aiaraldear ugari taldean
Muñoz ez da izango taldeko aiaraldear bakarra. Izan ere, Iñaki Isasi da Euskadi Fundazioko presidentea eta Gotzon Martin eta Ander Ganzabal orozkoarrak ere taldekide izango ditu aiararrak.
Horri gehitu behar zaio Amurrion bizi den Mikel Landaren izena estuki lotzen ari dela hedabidetan Euskaltel-Euskadira. Komunikabideak galdetu dio Muñozi ea zer irudituko litzaiokeen berarekin lehiatzea, baina luiaondoarrak nahiago izan du ezer ez esatea, ez baita momentuz errealitate bat.
Edonola ere, Muñozek jarraitzen du aurrera egiten gogoko duen kirolean, aurretik Amurrio Txirrindulari Elkartean, Aiala Txirrindularitza Elkartean eta Alimco Campagnolon egon ondoren.