Luiaondoko etxe okupatuan zeuden hamabost pertsonak kaleratu dituzte gaur

Aitor Aspuru Saez 2026ko uztailaren 17a

Ertzaintzaren Brigada Mugikorrak parte hartu du kaleratzean./ Aiaraldea

Hamar lagun zeuden barruan oraindik eta kale egoeran geratu dira guztiak. Udal teknikariak eta Ertzaintza bertaratu dira kaleratzea egikaritzera, eraikina hondamen egoeran deklaratu baitute.

Gaur 09:00ak baino apur bat lehenago udal teknikari talde bat, Ertzaintzaren Brigada Mugikorreko hiru furgoneta eta Laudioko Ertzain Etxeko dozena erdi agente Luiaondon zegoen etxe okupatura bertaratu dira eraikina husteko.

Izan ere, higiezina hondamen egoeran deklaratu du tokiko erakundeak, teilatuak oinezkoen segurtasuna arriskuan jartzen duelako. 

Berez, udal langileek eta poliziek horren guztiaren berri eman diete barruan zeuden hamar pertsonei, kalera atera baino lehen. Ez da inolako istilurik egon eta prozedura aparteko tentsiorik gabe egikaritu dute. Ordubete luzatu da dena. Etxeko atea irekita zegoenez, barrura sartu dira eta banan-banan joan dira egoeraren berri ematen.

Esan bezala, gaur hamar lagun zeuden lotan eraikinean, baina Aiaraldea Komunikabideari azaldu diotenez, gutxienez beste bost pertsona ari ziren erabiltzen tokia. Horiek guztiak kale egoeran geratu dira.

Eraikina hesitu

Behin higiezina hustuta, inguruak hesitu eta babestu beharko dituzte jabeek teilatuaren zatiak kalera ez erortzeko eta herritarren segurtasuna arriskuan ez jartzeko.

Etxearen jabea den familiako kide bat egon da goizean eta Aiaraldea Komunikabideari azaldu dio lehen esku-hartzea hori izango dela. Senide horrek aipatu du etxea urtero erabiltzen zuela familiak gabonak ospatzeko eta uda igarotzeko, harik eta okupatu zuten arte.

Etorkizunerako, senideak adierazi du alokatu nahi duela "bizitza izan dezan". Eraikina bi familientzat prestatu nahi dute eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean egin nahi dute.

Edonola ere, horretarako epe zehatzik ez dute, senideak azpimarratu duenez, lehenik eta behin, dirua beharko dutelako hori gauzatzeko eta "sortu dizkigiten kalteak eta hondamendia konpontzeko. Teilatua txiki txiki eginda dago". 

Familiak dio ez zuela desokupazio enpresa deitu

Halaber, Aiaraldea Komunikabideak galdetu dio familiako kideari eurek deitu ote zioten iaz etxean egondako desokupazio enpresari eta horrek ukatu du egin izana: "Nik ez nuen egin, ez dakit nork egin zuen".

Izan ere, urriaren 8an Desokupacionlegal enpresako talde bat egon zen etxean eta Komunikabideko kazetari bati erasotu zion lanean ari zela. Aiaraldeko langileak salaketa jarri zuen eta epaitegian dago kasua.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide