Sutea piztu zen atzo arratsaldean Lantenoko Idubaltza mendian, eta larrialdietako profesional ugari bertaratu ziren itzaltze lanetara. Arabako Foru Aldundiko suhiltzaile eta basozainen unitateez gain, Bizkaitik, Errioxatik eta Asturiasetik ere helikopteroak eta hidrohegazkinak bideratu zituzten.
Arabako Aldundiko prentsa bulegoak Aiaraldea Komunikabideari adierazi dionez, sutea perimetratua eta kontrolpean dago dagoeneko, baina suhiltzaileak lanean ari dira oraindik, berriro piztea ekiditeko. Zehazki, Aldundiko helikopteroak, Nekazaritza Brigada, Laudioko parkeko suhiltzaileak, eta Asturiasetik etorritako Espainiako Gobernuko Baso Suteetan Laguntzeko Brigada ari dira bertan lanean. Bulldozerra ere baliatzen ari dira, suebakiak egiteko.
Uhandre Baso Biziak elkartearen salaketa
Amurrioko Uhandre Baso Biziak elkarteak Lantenon piztutako sutearen gaineko kezka adierazi du sare sozialetan zabaldutako mezuan. Elkarte naturalistaren hitzetan, sutea itzaltzeko baliabideek bezain besteko garrantzia dute urte osoan egin beharreko prebentzio lanek, eta eredu forestalaren inguruko eztabaida "behar-beharrezkoa" dela defendatu du.
Artziniegako igerilekuak itxita
Artziniegako igerilekuak desalojatu behar izan zituzten atzo, prebentzio neurri gisa eta aireko bitartekoek bertatik ura har zezaten. Artziniegako Udalak azaldu du gaur ere instalazioak baliatuko dituztela horretarako.
Tokiko erakundeak jakinarazi du egun osoan egongo direla igerilekuak itxita. Dena den, abonatuak doan sartu ahalko dira gaur arratsaldean Etxaurrengo igerilekuetara eta Jauregia Urbanizazioko igerilekuetara, abonuko QR kodea erakutsiz gero.