San Bitores ospatuko dute bihar 30 urte baino gehiagoko ohiturarekin jarraitzeko. Jaia dela medio, Aiarako EAJk prentsa oharra zabaldu du. Izan ere, bere aburuz, data hori artzainen lana balioan jartzeko da eta aurten ez da horrela egingo. Zehazki, jeltzaleek kritikatu dute urtero egiten zen artzainen omenaldia kendu dutela.
Oposizioko talde nagusiaren iritziz, erakundeek bultzatu behar dute jarduera ekonomiko hori, udalerriko izaera eta historiarekin harreman estua duelako, mantendu dadin. Jeltzaleek aldarrikatu dute horretarako ogibidearen aitortza ezinbestekoa dela, bereziki, belaunaldi berria erakarri nahi izanez gero.
Omenaldiaren desagerpenarekin batera, adierazi dute sokatira ere kendu duela EH Bilduko gobernu taldeak egitarautik eta "sentsibilitate falta" leporatu dio lehen sektoreari dagokionez. Hori argudiatzeko, aipatu du aurtengo San Isidro azoka bertan behera uztea erabaki zuela Udalak behin ekoizle asko Arespalditzan zeudela jadanik.
Artzain gehiagorik ez omentzeko
Aiaraldea Komunikabidea harremanetan jarri da Aiarako alkatearekin omenaldia kentzearen arrazoiak ezagutzeko eta Pruden Otegik erantzun du, berez, Gorobelen aritzen diren artzainak omenduak izan direla jadanik. "Gauzak horrela, EH Bilduk eta Aiara Batuzek adostu zuten omenaldia ez egitea, ez baitago artzainik omendu ez duguna", azaldu du gobernuburuak.