Aiarako Euskararen Asteburuaren egitarauaren barruan, Tartean antzerki konpainiak Taxi bakarrizketa aurkeztuko du urriaren 16an, 19:00etan, Luiaondoko Otueta Gizarte Etxean. Idoia Garzesek idatzitako eta Mikel Martinezek antzeztutako lanak 35 minutuko iraupena du, eta 2026an Donostiako Poltsiko Antzerkiaren Sorkuntza saria jaso du. Ekimenaren helburua, euskararen erabilera sustatzea da.
Umorearen eskutik, taxilari baten egunerokotasuna ezagutuko du ikusleak. Protagonista gizon berritsua eta jenio bizikoa da, aldarte batetik bestera istant batean aldatzeko gai dena, bere autoa bezala: zerotik ehunera azeleragailua sakatuta.Taxilariak bere eguneroko lanaren gorabeherak eta bizipenak kontatuko ditu, hala nola hiriko trafikoa, turisten eragina, bezeroekin izandako egoera bitxiak eta lanbideak dakartzan zailtasunak.

Ofizioaren kexa eta nekea gorabehera, taxilariak badu bere lana maitatzeko arrazoi berezia. Izan ere, maiteminduta sentitzen da. Taxiaren bolantean eta eserlekuan ordu asko ematen baditu ere, bezeroen begiradek arreta bereganatzen dute. Atzerako ispiluan begi pare batekin topo egitea nahikoa izan daiteke erabat liluratzeko. Bestalde, diskrezioa oso garrantzitsua da taxilariaren lanean. Etengabe azpimarratuko du taxilariek “erabateko diskrezioa” dutela, eta bezeroen kontuak isilpean gordetzen dituztela. Baina istorioak aurrera egin ahala, bere sekretu eta pasadizo batzuk agerian geratuko dira.
Azken batean, Taxi lanak taxilari baten eguneroko bizitzaren ikuspegi dibertigarria erakusten du, lanbidearen arazoak, bezeroen istorioak eta maitasun kontuak nahastuz.
Antzezlanaz gozatzeko hitzordua urriaren 16an izango da, 19:00etan, Otueta Gizarte Etxean.