Datozen hilabeteetan zeresan handia sortuko dute Euskal Herriaren independentziaren gaineko herri galdeketek. Datorren ekainean Dima, Ispaster, Bakaiku, Azpeiti eta Aramaio herrietan eta Goierri eta Debagoiena eskualdeetan jarriko dute erabakitzeko eskubidea praktikan, Gure Esku Dago ekimenak 2018an jarria baitu erabakitzeko eskubidea gauzatzeko helmuga. Arrankudiaga-Zollon 2014an egin zuten galdeketa. 994 biztanletik 520k hartu zuten parte (%52,3) eta horietatik 450k Euskal Herri independente batean bizitzearen aldeko botoa eman zuten.
[video:http://www.aiaraldea.eus/bideoak/arrankudiaga-zollo-euskal-estatu-burujabe-bateko-kide-izatearen-alde-galdeketaren-kronika]
Orozko izango da eskualdean lekukoa hartuko duen hurrengo herria. Orozkoko Gure Esku Dagoko kideek herri galdeketa 2017ko udaberrian egiteko asmoa dutela adierazi dute. Parte hartzea handia izatea aurreikusi dute ekimenaren sustatzaileek. “Pasa den urtean egin zen erabakia ehuntzeko ekimenean 520 herritar elkartzea lortu genuen, eta horrek biztanleen % 20 inguru suposatzen du”, azaldu dute Marian Bilbaok eta Jesus Angel Zalok. Hala ere, hainbat ekimen egiteko asmoa dute, orozkoarren iritziak jaso eta ekimenarekiko babesa lortzeari begira: “Hemendik ekainera bitartean mahaia jarriko dugu plazan ostiralero, 19:00etatik 21:00etara, herritarren adierazpenak lortzeko asmoz”, iragarri dute, “eta ekainean herri mosaiko erraldoi bat egingo dugu”.
[video:http://www.aiaraldea.eus/bideoak/orozkoko-gure-esku-dago-k-eginiko-bideoa]
Gure Esku Dago-ko kideek adierazi dute, kontsultaren emaitzari baino, parte hartze kopuruari emango diotela garrantzia: “Erabakitzeko eskubidea herritar guztion eskubidea delako”.
Laudion ere
Laudioko Gure Esku Dago-ko kideek ere badute mota horretako herri galdeketa bat egiteko asmoa buruan, baina “epe-luzeago bati begirako helburua” dela aitortu dute. Hainbat ekimen egin nahi dituzte, babes soziala lortzeari begira. Martxoaren 18an argi-mosaikoa osatu nahi dute, Dolumin Barikua dela probestuta.
[video:http://www.aiaraldea.eus/bideoak/erabakitzeko-eskubidearen-aldeko-ekitaldia-eta-giza-katea-laudion]
Jendarte-ikerketa bat egiteko asmoa ere aurreratu dute, laudioarren pertzepzioak jasotzeko. “Galdetegi horren emaitzen arabera hasiko gara lan egiten”, adierazi dute. “Herri honetan babes sozial nahiko dagoela ikusten badugu eta jendea pausoa emateko prest badago, gu prest gaude aurrera jotzeko”.
Orozkon eta Laudion independentziari buruzko herri galdeketak egiteko asmoa dute