1993
Zer da asteburu honetan Gure Esku Dago plataformak prestatutakoa?
Arabako herrietatik Gasteizera eta Bizkaikoetik Bilbora joateko asmoa daukagu, erabakitzeko eskubidearen alde. Herri arabarretatik autobusak antolatu dira eta jendea animatzen ari da. Kamisetak eta materiala ere saltzen ibili gara eta asmoa da bertaratzea ahal den jende gehiena Aiaraldetik.
Eta jakina, bertako ekitaldietan parte hartzea. Badago kalejira bat eguerdiko 12:00etatik 14:00ak arte Gasteizen eta Konstituzio plazatik abiatuko da Ama Birjin Zuriko plazan bukatzeko. Bertan argazki erraldoia egingo dugu.
Kalejiran oihalak aterako ditugu eta Buesa Arena erabiltzea debekatu dutenez hirian kontzertuak eta hainbat kontu egingo dira giroa alaitzeko.
Zein izan da prestaketa prozesua?
Herri guztietan egon da talde bat gauzak antolatzen eta dinamika aurrera eramaten. Talde guztiek tutoreak bilatu dituzte oihalak antolatzeko eta prestatzeko.
Hauteskunde garaian apur bat geldirik egon da dinamika gauzak ez nahasteko. Hauteskundeek ez baitute zerikusirik honekin.
Hortik aurrera oihalen ehuntze egunak eta joste egunak egin dira, hautestontziak osatuz oihalen bitartez. Azken egun hauetan ere mugimendua dago materiala saltzen herriko plazan.
Zer nolako sentsazioak dituzue?
Nik espero dut jende asko hurbiltzea Gasteizera eta ikusita Buesa Arenan ekitaldia egitea debekatu dutela jendea animatu dadin kaleak betezen. Baikorra naiz.
Zein da ekimenaren mezua?
Gure Esku Dago bada herri mugimendua -adin, sexu eta ideologia ezberdineko pertsonak biltzen dituena- erabakitzeko eskubidearen alde. Oinarrizko eskubidea da eta aldarrikatu behar ez litzatekeena. Hori da Gure Esku Dagok nahi duena.
Orain arteko ibilbidearen balorazioa zein da?
Iaz giza katea antolatu genuen eta arrakastatsua izan zen. Orain ikusiko dugu jendeak nola erantzuten duen.
Hala ere, nabarmendu behar dugu Gure Esku Dagoren jarduera ez dela hemen geldituko. Beste urrats batzuk eman behar ditugu guztion artean: galdera erabakitzea eta erabakitzeko eskubidea gauzatzea.
Jendea ez dadin lokartu, Gure Esku Dago luzerako izango dugu eta!