Prentsaurrekoa egin dute gaur Laudioko udal-gobernuko kideek. Igandean eginiko herri galdeketa baloratu dute bertan. Emaitzaren balorazio positiboa egin dute, nahiz eta parte hartzea ez iritsi loteslea izateko behar zen minimora (% 20). Jon Ander Altubek adierazi du galdeketaren formulari “tresna gisa” eman behar zaiola balioa; “galdetzea ez baita porrota”. Alkateordeak jakinarazi du hau izan dela Laudion egiten den lehen herri kontsulta, eta etorkizunean gehiago egitea ahalbidetuko duela horrek.
Jai-eredua
Jaien datei dagokionez, Altubek adierazi du festen gaineko beste aspektu batzuetan zentratzeko ordua dela, “jai-ereduan, adibidez”. Bilera irekia egingo dute datorren asteko asteartean (urtarrilak 31), 19:00etan Kultur Etxean. Herri galdeketaren emaitzak baloratuko dira bertan eta aurtengo jaien antolakuntzari helduko zaio.