Datorren ostiralean (otsailak 17) ospatuko dira Amurrioko Kintoak eta martxoaren 4an, aldiz, Urduñakoak. 1999. urtean jaiotako amurrioar eta urduñarrak izango dira ospakizun horren protagonistak, 18 urte betetzen baitituzte aurten.
Zerbitzu militarra egin behar zuten gazteek ospatzen zuten agur-festa, hori zen hasieran “kintoak” bezala ezagutzen zen jaia. Gaur egun, baina, bestelako izaera bat du festak. Aurtengo bostkintoren ikuspuntua jaso dugu, festa horren gaur egungo izaera zertan datzan jakiteko:
Iratxe (Urduña)
“Niretzat aurten kintoa izatea oso berezia da batez ere denok batera egoteko aukera ezinhobea delako. Dudarik gabe horixe da kintoa izateak duen alderik onena, baita biztanle guztientzat jaia antolatzea ere”.
Paula (Amurrio)
“Txikitatik bizi dudan gauza bat da. Izugarrizko esperienztia da. Gainera ohore handia suposatzen du niretzako. Kintoa izatetik gehien gustatzen zaidan gauza da urtez urte egiten den tradizioa bizirik mantentzea, ikaragarria dela uste dudalako. Sekulako festa egiten dugu gainera, zurekin txikitatik egon den jende guztiarekin”.
Gartzen (Urduña)
“Niretzat kintoa izatea Urduña eta inguruko ohiturak mantentzea da eta, noski, lagunekin festa egitea eta ongi pasatzea ere. Urte bereko gazte guztiak biltzea da agian gehien gustatzen zaidana, ikasketak direla eta ez garelako asko biltzen, leku ezberdinetan egiten ditugulako”.
Josu (Amurrio)
“Egun hauetan harrotasunez eta ohore handiz kintoz janzten gara, aintzinean egiten zen bezala. Ondo dago gure herriko tradizioak mantentzea. Argi dago denoi festa gustatzen zaigula, baina pertsonalki umeen begirada eta aurpegi irritsuak ikustea gustatzen zait, txikitan guk egiten genuen bezala. Kintoak pasada bat ziren guretzat!”.
Esti (Urduña)
“Txikitatik ikusten genuen nola gure aurrekoak kintoak izaten ziren. Eta nire ustez denok amesten genuen gure abesteko eguna heltzearekin. Azkenean heldu zen eta gehien gustatu zitzaidana, zalantzarik gabe, denok batera Santa Ageda ospatzen egotea izan zen. Denok batera egotea ez delako erraza. Harro sentitzen naiz Euskal tradizio hau mantentzeagatik, nire ustez hori delako kintoen eginkizuna”.