Aiaraldeko mugimendu feminista: isilpean gordetako historia

Izar Mendiguren Cosgaya 2017ko mar. 8a, 16:13

Amurrioko Otsemeak taldeak sortutako ilustrazioetako bat. Argazkia: Otsemeak

70eko hamarkadan hasi ziren Aiaraldean feminismoaren lehen pausoak. Ia mende erdiko bidean, 15  talde egituratu dira; aisialdiarekin lotutako jarduna duten emakume elkarteak aintzat hartu gabe. Antisorgailuak eta abortua legeztatzeko ekimenak, sexu aniztasuna aldarrikatzeko kanpaldia, jaietan jarrera eta eraso matxistak salatzeko dinamikak... Molde, mezu eta aurpegi ezberdinekin jantzi dituzte aldarriz emakume sareek Laudio, Urduña, Menagarai, Amurrio eta Arrankudiaga-Zollo.

Luzea da Aiaraldeko emakume  taldeen zerrenda, 20tik gorakoa. Guztiek, ordea, ez dute feminismoa izan ardatz. Edozelan ere, asko dira emakumeen askatasunaren alde eskualdean sortutako talde edo ekimenak. Gaur arte ez da jaso eskualdeko emakumeen borroken historia.

Laudio Institutuan eratu zen mugimendu feminista piztu zuen lehen txinparta: 16 urteko gazteek 1974 inguruan osatutako Iraultza taldea, hain zuzen. Frankismoa bukatzear zela, antisorgailuen eta abortuaren legeztatzea izan zuten aldarri nagusi. Ideologiaz troskistak ziren. Besteak beste, “Adulterio Legea” salatu zuten. Emaztegaiek beste norbaitekin harreman sexualak izatea espetxeratzearekin zigortzen zuen arau horrek.

Horrez gain, Iraultzako kideek Pirula Irratian ordubeteko saioa gidatu zuten urte batez, musika, liburu feministen azterketak edota bestelako informazioa gerturatuz entzuleengana. “18 urte betetzean, ikasketak bukatuta, eten egin zen taldea. Batzuk baina, Bizkaiko Emakume Asanbladan jarraitu zuten parte hartzen”, adierazi du taldeko kidea izandako Pili Elortegik. Horrela ekin zioten 70ko hamarkadan Laudioko Emakume Asanblada saretzeari: “Ideologia askotariko pertsonak elkartzen ginen”.

 

Laudioko Egizan taldea da Arabako mugimendu feministaren aintzindarietako bat, aspaldi desagertu bazen ere

 

1978 urte berezia izan zen, ekintzaile andana bildu baitziren Basauriko epaitegian abortuaren aldeko protestan, tartean aiaraldearrak.  

80ko hamarkadan erabaki zuten hainbat alderdi politikok sexu zapalkuntzaren afera lehen lerrora ekartzea. Modu horretan abiatu zen Ezker abertzalearen baitan Kas-Emakumeak. “Aizan”  prozesuaren ondorio gisa, 1989an aurkeztu zuten Egizan erakunde feminista.

Eskualdean Laudion bakarrik egituratu zen taldea, nahiz eta  Amurrio eta Urduñako emakumeekin harremana izan. 25-35 urte bitarteko 15 lagun inguru elkartzen zirela gogoan du Arantza Etxebarrik. Ordura arte ez bezala, zapalketa hirukoitzaz mintzo ziren: sozialaz, nazionalaz eta generoarenaz. Hitzaldiak, filmak, eztabaidak... antolatzen zituzten. Gasteizeko eta Lautadako Egizanekin batera Arabako mugimendu feministaren aitzindaria izan zen Laudioko kolektiboa. Ez zuten, baina, bide erraza izan: 80ko hamarkadan indar armatuen erasoak eta jazarpenak jasan zituzten zenbait emakumek elkartu eta borrokatzeagatik.

Alabaina, baziren politikoki lerrokatu nahi ez zuten banakakoak. 1994an, esaterako, Ninika taldea osatu zuten Laudion 20-25 urteko 10 kidek, Egizanetik kanpo feminismoa jorratzeko helburuarekin. Batez ere, barne mailan egin zuten lan, performanceak gauzatu bazituzten ere.

 

Eskualdeko hainbat fabriketan emakumeei ordain-saria eskaini zitzaien fabrikako lana uzteko; etxeko zein familiako zaintzaz ardura zitezen



Industrializazioaren eragina
Industrializazioak eskualdea irauli zuen, urte gutxian nabarmen hazi zen populazioa; eta kontratazioak ugaritu ziren Aceros de Llodio, Vidrala edota Guardian enpresak ireki ahala. Hala murgildu ziren bigarren sektorean emakumeak. Dena dela, diru-saria eskaini zieten hainbat andreri lantegietan aritzeari uko egitearen truke, etxeko eta familiako zaintzaz ardura zitezen. Pili Garciak dioenez, lan baldintzak eta egoerak gogortzearekin batera gatazkak lehertu ziren, eta indartu egin zen langile kontzientzia. Emakumeak ere aritu ziren langile borroka horietan.

90. hamarkadako erasoak
Bolada iluna izan zen 90eko hamarkada. Izan ere, bi eraso matxista egon ziren. Tren geltokian, egun argitan jipoitu zuen gizon batek bikotekidea. Emakumeari babesa emateko taldea sortu zen Laudion orduan, eta erasotzailearen aurpegiarekin bete zuten kartelez herria. Gertaera salatzeko, Amurrioko epaitegian herritarrek egin zuten protesta, telebistak ere jaso zuen berria.

Ez zen, ordea,  auzitara eramandako kasu bakarra izan: beste gizon batek labanarekin erasotu zuen neska bat Laudioko liburutegitik gertu.


Amurrio: Aurreraka, Pausoka
90eko hamarkadan heldu zioten feminismoari Amurrion eta Urduñan. 1985ekoa da Menagaraiko Emakume Taldea, landa-eremuan eskubideen alde makina bat lan egin duen eragilea. Hiru urte beranduago, hots, 1988an jaio zen Aurreraka, Amurrioko emakumeen lehen taldea.

Toñi Bordagaray izan zen partaideetako bat. Gogoan du gatazkari buruz egin zuten tailerrak eragin zuen  tirabira: “Desadostasunak plazaratu zituen ekintzak gure artean, batzuk ezberdin ulertzen genuen Aurrerakako estatutuetan ageri zen emakumeen promozioa; alegia, ez eskulan edo aisialdi eskaintza modura. Autoestimuari buruzko tailerrera jarduera antolatu genuen bi lagunak soilik joan ginen. Gai batzuk eremu pribatuan gordetzen ziren”. Horregatik jarri zuten martxan Pausoka taldea. Astero 20 lagun elkartzen ziren bertan, 16 urteko gazteak barne.

Maiteder Aramendiren esanetan, sexu-askatasuna eta aniztasuna aldarrikatzeko ekintzak egin zituzten, besteak beste: “Amurrioko parkearen aldamenean gay eta lesbianen aldeko asteburu osoko kanpaldia deitu genuen. Diskurtso eta ekintzetan aurrerakoiak ginen. Eskelak jartzen genituen herrian indarkeria matxistak neska bat erailtzen zuen aldiro; ondorioz, denek irakurtzen zuten”. Lau urte iraun zuen kolektiboak, ikasketak zein lanak eskualdetik kanpo kokatu baitzituen kide gehienak.

 

Asteburu osoko kanpaldia antolatu zuen Pausoka taldeak Amurrioko parkean 90eko hamarkadan, sexu askatasunaren alde



Urduña, punta egonkorrena
Hamarkadaz hamarkada, Urduña eta Amurrio izan dira feminismoari  taldean eutsi dioten toki bakarrak. 1994an sortu zuten Adi Emakumeak. Hastapenetan 20 lagun bazeuden ere, 50 bazkidetik gorakoa da elkartearen zerrenda. Hasieratik eman zioten garrantzia kulturartekotasunari. Horren adibide da beste herrialdeetako emakumeen bizi ohiturak ezagutzeko egiten duten “Munduko janak” dinamika. 23 urteko ibilbidean hitzaldi eta tailer asko egin dituzte, baita babes handia pilatu ere: hiritar  mordoa batzen da urtero egiten duten emakumeen bazkarian.



Ia 15 urteko etenaldia
Amurrioko Aurreraka eta Adi Emakumeaken jarduna salbu, umezurtz geratu zen feminismoa ia 15 urtez, neska gazteen loraldia heldu zen arte. Alabaina, tarte horretan ibilbide laburra izan zuten beste bi talde egon ziren Laudion: XX=XY (2005) eta Emaion (2014).

Bien bitartean, baina, martxan jarraitu dute bestelako emakume taldeek: Loraldik (Urduña), Hiriskak (Artziniegak), Ametsutsek (Okondo), Matxintxuk (Orozko); eta Laudioko Avillok, Jakarandak zein Solastariarrek.

Azken hamarkadan belaunaldi berriek sortutako 5 taldeak gehituta, beraz, 23 eragilek marraztu dute amantaletan zintzilik geratu den feminismoaren historia.

 

Neska gazteen sareak, ahalduntzeko hazi

Lau urteetan 5 eragile sortu dituzte Aiaraldeko emakume gazteek: Otsemeak Amurrion, Sorgin Moreak Urduñan, Bagara Nor Laudion eta Kallera zein Bilgune Feminista Arrankudiaga-Zollon.

Aiaraldeko mugimendu feministak ia 50 urteko bidea egin badu ere, azken hamarkadan sortu dira talde gehien. Gazte Asanbladetan emakumeen parte hartzea eskasa zela iritzita eratu zuten Sorgin Moreak Urduñan (2013) eta Otsemeak Amurrion (2015).

Garai berean bildu zen Emaion taldea Laudion, baina desagertu egin zen bi urteren buruan, eragileaz arduratzeko boluntario faltagatik. Hainbat ekintza egin zituzten, besteak beste: “Abortobusa”, emakumeak ahalduntzeko kanpainak... Bi urte beranduago hartu zuen Laudioko lekukoa Bagara Nor sareak.

Arrankudiaga-Zollon eta Ugaon “Kallera” kolektiboa abiatu zuten 2014an, bilera zein ekimenetan rol maskulinoak eta botere harremanak gailentzen zirelako. 2016an, berriz, Bilgune Feministako taldea batu zioten proiektuari.

Nabarmentzekoa da Aiaraldeko gazte feministen harreman dinamika: urtarrilean eskualdeko emakume eta trans gazteen topaketak egin zituzten lehenbizikoz.

 

Hitzaldiez gain, hainbat ekimen gauzatu dituzte belaunaldi feminista berriek: emakume eta trans gazteen topaketak, eraso matxistei aurre egiteko protokoloa, jaietako brigada moreak...



Hamaika egitasmo
Genero zapalkuntzak salatzeaz gain, gazte belaunaldiek hamaika egitasmo sustatu dituzte. Amurrion, esaterako, eraso eta jarrera matxistei aurre egiteko protokoloa garatu du Otsemeakek; eta bat egin dute planteamenduarekin Jai Herrikoien Aldeko Batzordeak eta festetako kuadrillek. Gainera, gune beltzen identifikazioa burutu dute, baita espazio horiek egokitzeko neurriak proposatu ere.

Kallerakoek, berriz, emakumeen “zapalkuntza hirukoitza” azaleratzeko jardunaldiak prestatu zituzten abenduan, andre errefuxiatuen egoera zein espetxearen ondorioak azaleratzeko. Sorgin Moreakek, aldiz, transexual bat gonbidatu zuen bere esperientziaren berri emateko. Laudion, berriz, “brigada moreak” egin zituzten festetan. Neska gazteen taldeen loraldia, ahalduntzeko hazi denaren adierazle.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide