"Irudiaren bidez ere sortu edo aldatu ditzakegu erreferenteak"

Izar Mendiguren Cosgaya 2017ko mar. 23a, 12:04

Kattalin Miner / K.M

KATTALIN MINERrek (Hernani, 1988) trebatu ditu genero ikuspegian Aiaraldea hedabideko langileak. Komunikabideek emakumeen ikusezintasunari aurre egiteko dituzten aukerez mintzatu da.

Komunikabideetan genero ikuspegia nola txertatu landu duzu Aiaraldea komunikabidean. Zergatik da garrantzitsua?

Batetik, genero ikuspegia (eta beste bazterkeria batzuk) txertatzeak kazetari eta komunikatzaile hobeak egiten gaituelako. Hau da, generoari adi egotea, informazioa modu errealago batean irakurtzea da; eta hala, irakurleari informazio zehatzagoa eskainiko diogu.

Eta, bestetik, komunikabideetan ustezko neutraltasunetik at dauden errealitate eta albisteak topatuko ditugulako, ingurune hurbilarekin zer ikusi handiagoa dutenak. Horrek egingo gaitu ezagun. Hedabideek emakumeen ikusezintasuna ezabatzen laguntzen dute.

 

"Hedabideek emakumeen ikusezintasuna ezabatzen laguntzen dute"



Nola ikusi duzu Aiaraldea, zentzu horretan?
Orokorrean plazerra da gaiarekiko interesa duten medioekin lan egitea. Niri asko gustatzen zait noan tokiko errealitatea ezagutzea eta horren baitan lan egitea, eta Aiaraldearen kasuan proiektu benetan interesgarria topatu dut. Genero gaien edo gai feministen inguruan interesa izateak lanaren erdia eginda dagoela esan nahi du. Hau da, kezka hori duen medioak (Aiaraldea kasu) lan txukuna egingo du, lehenengo puntua interesa baita. Beraz, zoragarri topatu dut!

 

"Aiaraldearen kasuan proiektu benetan interesgarria topatu dut. Genero gaien inguruan interesa izateak esan nahi du lanaren erdia eginda dagoela"



Medioen irudi eta diskurtsoek zein gabezia dituzte, zure ustez?
Ez da gauza bera medio txiki edo herri komunikabideez aritzea edo mass-mediarekin lan egitea. Bigarren kasuan, emakumeen estereotipo, rol, matxismo eta misoginia izugarria dago. Badirudi, ederra edo biktima izatea dela emakumea izanda medio batzuetan ateratzeko modu bakarra, eta jakina da emakumeok gauza askoz gehiago ere egiten ditugula. Garrantzitsua da herri komunikabideetatik edota hedabide etikoetatik irudi horiei buelta eta alternatibak eskaintzea.

Zeintzuk izan behar dira tokiko komunikabideen erronkak?
Tokiko komunikabideek sarri geure buruek uste baino toki garrantzitsuagoa hartzen dute herri edo eskualde mailan. Medio irakurrienak dira askotan, baina ez ditugu haintzat hartzen. Tokiko komunikabideek gertuko errealitatea erakusteko aukera eta betebeharra daukate, eta beraz, gertuen dagoen aniztasuna erakustekoa ere bai. Garrantzitsua da tokiko komunikabideek herrigintzatik zerbait beti edukitzea, eta herri hori eraikitzeko kriterio etiko eta feminista minimoak izatea.

 

"Tokiko komunikabideek gertuko errealitatea erakusteko aukera eta betebeharra daukate, eta beraz, aniztasuna erakustekoa ere bai"



Bazterrekoa erdira ekartzeko beharraz mintzo zara. Nola, baina?
Hain zuzen, "bestea" soilik salbuespen gai bezala erakusten dugu sarri. Pertsona migratzaileak bakarrik arrazakeriaren aurkako egunean ateratzeko joera dugu, edo emakumeak martxoaren 8aren bueltan. Garrantzitsua da, egun horietan ez ezik, egunerokotasunean herritar gisa azaltzea, aditu bezala, edo dena delako modura; ez soilik bazter egiten dituzten nolakotasun horiei lotuta.

Diskurtso hegemonikoen aurrean badira gauza litezkeen praktika onak ere. Adibidez?
Noski, sarri ezin dugu aldatu "errealitatea". Demagun prentsaurreko batera goazela eta denak gizonezko zuriak direla. Hor ezer gutxi dugu egiteko medio bezala, baina hurrengo orrialdean erakutsi dezakegu aurreko argazkia apurtzen duen beste errealitate bat, adibidez. Diskurtsoen konpentsazio lana oso garrantzitsua da medio batean.

Gaur-gaurkoz garrantzia handia du irudiak, baita errealitatea irudikatzeko moduak ere.
Zorionez edo zoritxarrez, irudia da begitan arreta ematen digun lehen gauza. Uste baino garrantzia handiagoa du horrek, eta zaindu egin behar dugu. Esaterako, emakumeak beti irribarretsu, eder, xalo, txiki... aterata ez dugu estereotipoak apurtzen laguntzen. Atentzioa jarri behar diogu irudi bidez ilustratzen dugun errealitateari, hein handi batean erreferenteak sortu eta aldatu ditzakegulako horren bidez ere.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide