“Neurgailu gisa erabili nahi dugu larunbateko ekitaldia, datorren urtean herri kontsultak egiteari begira”

Erredakzioa 2017ko mar. 29a, 16:05
Utxi Garcia Mujika eta Kepa Barañano Aldekoa. Argazkia: aiaraldea.eus

UTXI GARCIA MUJIKA (Donostia, 1962) eta KEPA BARAÑANO ALDEKOA (Laudio, 1959) Gure Esku Dago mugimenduaren Laudioko taldeko partaideak dira. Ekitaldi bateratua egingo dute larunbatean Gure Esku Dagoren eskualdeko taldeek, Saraube mahaian.

Larunbat honetarako ekitaldi berezia prestatu duzue Laudio, Amurrio, Aiara, Artziniega eta Okondoko Gure Esku Dago-ko taldeek. Ekitaldi garrantzitsua izango dela diozue. Zer dela eta?
Barañano: Eskualdeko herri guztietako taldeek elkarrekin antolatzen dugun lehen ekitaldi handia izango delako. Hau urrats bat baino ez da, lehenbizikoa. Honen ostean beste pausu bat gehiago eman nahi dugu. Ekitaldi honek duen harrerak adieraziko digu aurrerantzean zer egin dezakegun eta zer ezin dezakegun egin.

Zeren arabera neurtuko duzue ekitaldiak duen harrera? Doan jendearen arabera?
Barañano: Doan jendearen arabera eta dagoen giroaren arabera. Bertan ikusiko dugu zenbat jende biltzeko gai garen. Hori garrantzitsua izan daiteke guretzat, aurrerantzean zer egin dezakegun jakiteko. Neurgailu bat izan daiteke datorren larunbatekoa.

Garcia: Eskualdean bultzada bat ematea ere dugu helburu. Herri bakoitzak bere dinamika propioa du. Toki batzuetan oraindik ahul dago Gure Esku Dagoren dinamika. Hori dela eta, elkarren artean indartzea ere dugu helburu.

“Herri kontsultak eskualde osoan egitea izango litzateke asmoa: Laudion, Amurrion, Aiaran, Okondon eta Artziniegan”

 

Orozkon maiatzean egingo dute herri kontsulta. Bizkaiko hainbat herritan igande honetan dute zita. Zuek ere asmorik duzue kontsultak egiteko?
Barañano: Datorren urtean herri galdeketak egitea izango litzateke gure helburua. Hori helburutzat hartuta horretarantz joan nahi dugu, eta horri begirako lehen urratsa izango litzateke larunbateko ekitaldia. Larunbatean biltzen garen jendearen eta dagoen giroaren arabera hurrengo urratsa herri kontsultak antolatzen hastea izan liteke.

Herri kontsultak egiteaz mintzatzen garenean ez gara Laudioz soilik hari. Eskualde osoan egitea izango litzateke asmoa: Laudion, Amurrion, Aiaran, Okondon eta Artziniegan.

Eta Urduñan?
Barañano: Urduña albo batean gertatu da, hein handi batean. Hemen ere gure mugatxoa dugu: Bizkaia eta Araba artekoa. Muga horiek gainditu ezinean aritzen gara askotan. Urduñan momentuz ez da lortu horrelako talde bat abiaraztea hau aurrera eramateko.

Garcia: Urduñan printzipioz ez dago talderik, eta Bizkaitik koordinatzen dira bertako ekimenak. Gu bertako jendearekin hitz egiten egon ginen eta esan ziguten ez zutela euren burua prozesu horretan ikusten.

Herri kontsulta, egitekotan, eskualde osoan egingo genuke, hiriburuetakoak egin baino lehen. Gure Esku Dago aztertzen ari da 2018an Euskal Herriko hiriburuetan  kontsultak egitea. Aiaraldeko galdeketak horiek baino pixka bat lehenago egingo lirateke.

Barañano: Erronka zail eta handia da herri galdeketak hiriburu guztietan egitea, baina aukera hori aztertzen ari da Gure Esku Dago maila nazionalean. Hori ere dugu helburu. Guk herri eta eskualdetan bultzatu behar dugu erabakitzeko eskubidea, ondoren hiriburuetara salto egin ahal izateko.

Zer nolako ekitaldia izango da larunbatekoa?
Barañano: Nahi duen herritar orori zuzendutako ekitaldia izango da, erabat irekia. Zenbat eta jende gehiago gerturatu, orduan eta hobeto. Bertan egongo dira eskualdeko erakundeetan demokratikoki hautatuak izan diren ordezkari gehienak. Argazki polit bat osatzea da asmoa, baina ez dugu gauza sinboliko horretara mugatu nahi. Jendea biltzea nahi dugu, gure asmoen berri emateko. Herritarren esku hartze zabala nahi dugu, Amurrion batez ere. Bazkaria eta hitzaldia egingo dira herrian.

Garcia: Manifestu bat irakurri eta sinatuko da. Puntu zabal batzuk izango ditu manifestu horrek, edozein pertsona demokratikok onartzeko modukoak.


“Hurrengo urtean herri galdeketak egin nahi baditugu, hori antolatzeari ekin behar diogu. Jendea behar dugu horretarako, batzordeak eratu behar dira”

 

Ekitaldi hori amaituta, zer pauso ematea aurreikusi duzue 2018ko kontsultetara iristeko?
Barañano: Hurrengo urtean herri galdeketak egin nahi baditugu, hori antolatzeari ekin behar diogu. Jendea behar dugu horretarako, batzordeak eratu behar dira. Jendea beharko dugu hainbat esparrutan, hori egin ahal izateko.

Garcia: Gure Esku Dagok badu horretarako protokolo bat, zeinetan jarraitu beharreko pausoak zehazten diren. Sinadura bilketa bat egitea da lehen pausoa. Biztanleriaren % 10aren sinadurak bildu behar dira horrela. Behin hori eginda plataforma bat sortuko litzateke, kontsulta antolatzen hasteko.

Larunbateko zita neurgailu gisa erabili nahi duzuela diozue. Eskualdean giro ona kontsulta martxan jartzeko?
Barañano: Nire iritziz, Aiaraldean apalaldi edo hotzaldi bat gertatu zen giza katearen ostean. Giza katearen ekimenarekin gaina jo genuen, eta hortik aurrera beherantz joan gara. Orain berpizteari ekin diogu, larunbateko ekitaldiarekin. Gauza garrantzitsu bat lortu dugu: Gure Esku Dagoren taldeak finkatuak egotea Aiaraldeko herri guztietan. Garrantzitsua da hori, oinarrizkoa baita antolakuntza aurrera eramateko.

Jendearen erantzuna, nire ustez, hotza da oraindik. Berotu egin behar dugu giroa, bestela ez dago aurrera egiterik. Denon artean egin behar dugu hau, ahal bezain beste herritarren sostenguarekin.

Garcia: “Giza katea” eta “Ehuntzen” dinamikak nazionalak ziren, eta jende guztia gerturatzen zen bertara, helburu komun bat zegoelako. Zer gertatu egin da bi urtetik hona? Gure esku dagok bere ibilbide propioa markatu du. Kontsulten olatuaren bigarren fasean gaude orain. Ekainaren 10ean  itun bat sinatzea planteatzen da, hainbat herrialderen parte hartzearekin. Mosaiko handi bat egingo da bertan. Hurrengo fasea “Adostu” litzateke. Zer adostea? Kontsulta nazionalerako galdera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide