San Pedro Beratza mendiko indusketei jarraipena emango die EHUko ikerlari talde batek. Iaz hasi ziren mendia arakatzen, Gerra Zibilean bertan egondako borrokaldien aztarnak topatzeko helburuarekin. Emaitza positiboak izan zituen bilaketak, hainbat aztarna topatu baitzituzten: 200 bala-zorro baino gehiago, metraila zatiak edota egunero objektu arruntak, besteak beste. Zenbait lubaki eta gotorleku ere aurkitu zituzten ikerlariek.
Oraingoan “analisi, dokumentazio eta balio-hartze lanak” egingo dituzte, defentsa-sistema errepublikanoa osatzen duten egitura guztien irakurketa topografikoa eginaz. “Horrela, Euskal Herrian hobekien kontserbatu izan den Gerra Zibileko gudu-zelaietako baten gaineko ikuspegi orokorra izatea lortuko da”. Hala adierazi dute ikerketa taldeko kideek. Zortzi dira guztira eta Xurxo Ayaneneta eta Josu Santamariaren gidaritzapean arituko dira.
Hainbat entitateren laguntza jaso dute proiektuari ekiteko: Amurrio eta Urduñako Udalena, Lezama eta Arrastariako kontzejuena edota Aztarna elkarte etnografikoarena, besteak beste.
Ate irekien jardunaldiak
Ate irekien jardunaldiak egingo dituzte mendian, egiten ari diren ikerketak jendarteratzeko. Lubakikoak elkartearen laguntza izango dute horretarako. Gerra Zubileko borroken zenbait eszena antzeztuko dituzte talde horretako kideek.