Kulturak josteko zurrumurruen aurkako sareak sortzen

Izar Mendiguren Cosgaya 2017ko eka. 11a, 09:00

Zurrumurruei aurre egiteko tailerrak egin dituzte Amurrion eta Laudion. Sarea osatuta, afera jendarteratzea izango dute helburu. / Iban Pagalday

Etorkinek integratzeko arazoak dituzte? Atzerritarrek ikasketa maila murrizten dute? Diru-laguntzak jasotzeko erraztasunak dituzte? Kalean bolo-bolo dabiltzan usteak zalantzan jarri dituzte Amurrioko eta Laudioko Zurrumurruen aurkako taldeek. Ekainaren 17an aurreiritziak deuseztatzeko arrazoiak azaleratuko dituzte herriko plazetan hainbat ekimenen bidez. 

Nork du integratzeko zailtasuna? Markel Sabaterrek argi du: “Guk ere ez dugu erraztasunik jartzen beste kulturekin erlazionatzeko”. Zurrumurruak ditu arrazakeriaren lehen sintomatzat, “komunitate batzuen kontra egiteko erabiltzen dira”.

Kultur aniztasuna da nagusi Aiaraldean, 50 herrialde baino gehiagotako jendea bizi da. “Gure esku dago normalizatzea. Horretarako ezinbestekoa da aurreiritziak kendu eta kulturekin erlazionatzen saiatzea. Hori egin ezik, ezberdintasunak mantenduko dira”, dio Sabaterrek. Aurreiritziei nola aurre egin ikasteko joan zen zurrumurruen aurkako tailerrera: “Gazteon artean oso gutxi lantzen da kultur aniztasuna. Orokorrean, euskaldunak alde batetik gabiltza, eta beste kultura batzuetakoak aparte”. Aferari heltzeko tailerrak eskaini ditu Laudion eta Amurrion CEAR-Euskadik.

 

Zurrumurruen aurkako tailerrak egin dituzte Laudion eta Amurrion. Ekainaren 17an egingo dituzte ekimenak herriko plazetan

 

“Getifikazioa”
Ghettoak sortzea da arazoa, Sabaterren ustez: “Egia da ghettoak daudela, baina gu ere beste bat gara. Gure esparrua dugu, eta hortik ateratzea asko kostatzen zaigu. Oso erraza da etorri-berriei botatzea errua arazoaren parte gu ere bagarela konturatu ordez. Zerbait egiten al dugu aurrerapausoa emateko?”. Hori dela eta, aldebiko prozesuaren beharra nabarmendu du, konfiantza sortze aldera. “Soilik gure inguruari begiratzen diogu; esaterako, herri bazkarietan haragia bakarrik jarriz gero, arabiarrak baztertzen ari gara”.

Itzi Azumendik ere hartu du parte zurrumurruen aurkako Laudioko sarean. Gurasoa izaki, kezka aitortu du: 3 seme alaba ditu eta ez dute harremanik atzerritarrekin. Ikastetxeko pasarte bat ekarri du gogora: “Ume batek haur marokoar bati honakoa esan zion: marokoar alua, guri lana kentzeko zatozte”. Esaldiak “helduen estiloa” duela iritzita, ezinbestekoa deritzo guraso eta haurrekin kultur artekotasuna lantzeari: “Gure umeak beste kultura batzuekin bizi dira, guk egin behar dugu harreman hori sustatzeko ahalegina. Auzokideak gara, ez? Herri berean bizi bagara elkarren berri izatea gutxienekoa da”. Jendartea kultur-anitza izateko babesguneen beharraz mintzo da Azumendi, legeak zein gizarteak traba mordoa jartzen baitituzte. “Etorkinei ez diegu ondo begiratzen orokorrean, gauza asko ditugu barneratuta, matxismoarekin bezala”.

 

Ongizate politiken ingurukoak dira etorri-berrien kontrako zurrumurru gehienak. Iritzi publikoan kulturen gutxiespenari aurre egiteko komunikazio estrategiak landu dituzte tailerretan

 

Ekainaren 17an, zurrumurruen aurkako dinamikak egingo dituzte Amurrion zein Laudion. Susana Saguer katalanak aurreratu duenez, mugako egoerak azaleratuko dituzte umoretik: “Aldai plaza muga gune bilakatuko dugu. Mozorrotu egingo gara herritarrei etorri-berriek bizi dituzten egoerak ikustarazteko”. Jolasa proposatuko diete, aurreiritziez jabetu eta egoerei buelta emateko. 12:00etan izango da Laudioko hitzordua Aldai plazan. Amurriokoa, berriz, arratsaldean izango da, 17:00etan, hain zuzen.

Toñi Bordagarai eta Mertxe Azkarraga ari dira, besteak beste, Amurrioko lan-taldean parte hartzen. “Koloretako sarea irudikatuko dugu aulkiekin. Hiru aurkezle egongo dira, euskaraz, gazteleraz eta arabieraz hitz egingo dute. Lehendabizi zurrumurruak azalduko ditugu, eta gero horiek deuseztatzeko arrazoiak, Esaterako, lana kentzera etorri direla aipatzean, atzerritar batek zenbat aldiz eskatu duen lana kontatuko du”, adierazi dute.

Errotuta
Zurrumurruak oso errotuta daude, Bordagarairen esanetan: “Aurrekoan batek sahararrei tximeletak deitzen zietela esan zidan, oihalak daramatzatelako. Nik horrelakoetan asko gustatzen zaizkidala erantzuten dut, Amurriok horrela kolore gehiago duela”.

Udalak pisuak ordaintzen dizkiela etorkinei, janaria doan ematen zaiela... Luzea da zenbait kulturen aurkako usteen zerrenda. Toñi Bordagaraik oraintsu Amurrion irakurritako iragarkia aipatu du: “Pertsona autoktonoa eskatzen zuten orduka lan egiteko. Paperaren gainean norbaitek ‘zein herrialdetakoa?’ idatzi zuen. Xenofobia asko dago”.

 

Irakaslea da Mertxe Azkarraga. Ohikoa zaio ikas-geletan kultura ugariko jendea egotea, “baina oso gauza mingarriak entzuten dira. Gazteek telefonoak ikustean egoera ekonomikoarekin parekatzen dute gailua. Kalean eskean dabiltzanei buruz, mozkortzeko nahi dutela dirua esaten dute”. Zentzu horretan, urrats asko eman behar direla pentsatzen du: “Duela urte batzuk diru-laguntzak zeuden, eta irakasle batzuek hartzen zuten gaian sakontzeko ardura. Murrizketekin, ordea, bertan behera geratu zen”. Hankamotz dago Azkarragarentzat oraindik laguntza sistema: orain arte, alor ekonomikoari erreparatu zaio, baina sozialari ez. Haatik, ikastetxe askotan abiatu dituzte horretarako dinamikak. Laudioko Lamuza edo Amurrioko Lucas Rey dira horietako bi. Maite Rodrigez eta Rocio Serrano Lamuzako Guraso Elkarteko kideen aburuz, eskolaz kanpo ere egin behar da lan: “Gezurra da etorri-berriek ikasketa maila jaisten dutela, adibidez. Edo, euskaraz ez dakitela”. Hori dela eta, hiru urte daramatzate ikastetxean kultur artekotasuna lantzen: bideoklipak, muralak eta abar gauzatu dituzte parte hartzea sustatuta.

 

Amurrioko eta Laudioko hainbat ikastetxeetan kulturartekotasuna lantzeko muralak egin dituzte Guraso Elkarteek

 

 

Tailerretan ikasi dituzte zurrumurruei aurre egiteko komunikazio estrategiak. “Nondik atera duzu informazioa? Kontrastatu duzu? Aurreiritziak deuseztatzea erraza da, baina lasaitasunez hitz egitea da gakoa”, adierazi du Bordagaraik. Dena den, Azkarragak uste du bi edo hiru belaunaldi barru ikuspegia zeharo aldatuko dela: “Kultur aniztasuna normaltzat hartuko da”. Markel Sabaterrek erebadu esperantza: “Geroz eta gazte gehiagok jotzen dute atzerrira, eta ohikoak dira kulturen arteko harremanak”. Partaideen ondorioa, hortz, argia da: muga bakarra jendearen buruetan dago.

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide