Sinadurak biltzeari ekin dio ASASAMek, aldarrikatzeko Aiaraldean egoitza-baliabideak behar direla buruko gaixotasunak dituzten pertsonentzako. Herritar horiek “babesgabetasun-egoera” batean daudela salatu dute elkarteko kideek. Azaldu dute behartuta daudela euren “ohiko ingurunetik” mugitu eta Gasteizera “euren nahiaren kontra” joatera, “etxeko laguntza handiagoa” behar dutenean, eta nabarmendu dute hori ez dela “bat ere komenigarria” gaixotasunak tratatzeko.
Aiarako Kuadrillako udal guztiei eta Arabako Foru Aldundiari helarazi diete aldarrikapena. Azpimarratu dute eskatzen dutena ez dela “apeta" hutsa, “benetan garrantzitsua eta funtsezkoa da edozein pertsonari gizarteratzen laguntzeko, buruko gaixotasunen bat izan ala ez. Gainera, aurrerago gutako edozein egon daiteke egoera horretan”.
