[ERREPORTAJEA] Burua eta gorputza freskatzeko aukerak

Izar Mendiguren Cosgaya 2017ko uzt. 2a, 13:35
Delikako "Infernuaren" irudi bat. / Jon Catalan

Iritsi da uda. Baita beroa ere. Igerilekuez gain, Aiaraldean badira bainua hartzeko beste hamaika aukera, errekak kasu. 20 putzu baino gehiago daude eskualdean.

Nola egin beroari aurre udan? Gorputza freskatzea da moduetako bat. Eskualdean aukera ugari daude horretarako. Batetik, udako igerilekuak daude; Urduñan, Amurrion, Okondon, Artziniegan, Laudion, Orozkon eta Etxaurrenen. Iragan asteburuan hasi zuten denboraldia, eta irailaren lehen hamabostaldia igaro arte egongo dira zabalik. Ingurune geografikoari esker, ordea, badira bainurako bestelako guneak ere: errekak eta putzuak, adibidez.

Gorobel mendilerroaren magala eta Gorbeiako Parke Naturala dira urmael gehien pilatzen dituzten eremuak. Inguruko jende asko joaten da, esate baterako, Orozkora edo Ziorragara. Ur jauzi ertainak daudenez, “spa naturalak” sortzen dira hainbat puntutan.

Orozkok ditu, Baranbiorekin batera, bainu-gune gehien.  Ibarra auzora bidean, adibidez, lau txoko baino gehiago daude.  Katadio auzunean, berriz, beste bi toki daude behintzat, errepide eta erreka bazterrean. Baranbio eta Ziorragan, aldiz, bost dira bustialdirako espazioak.  Ziorragako putzua eta Baranbioko errota dira ezagunenak. Azken hori oso gogoko du Aaron Garmendia naturzale laudioarrak, igeri egiteko aukera eskaintzen baitu, besteak beste.

Antzirak
Urtegiei dagokienez, hiru dira nagusi:  Zollokoa, Artziniega ingurukoa -Burgoseko lurretan dago- eta Maroñokoa. Baina debekatua dago euretan bainatzea, arriskutsua delako.

Urduñan ere bada antzira bat, Rondinakoa. Industriagunean egon arren, zelaia du aldamenean, eta boleibolera jolastera joaten dira zenbait lagun. Alabaina, debekatuta dago  baita uretan sartzea antzira gehienetan; istripu ugari egon baitira, baita zenbait heriotza ere. Baina badaude salbuespenak: Artziniegako San Antonio presan, esaterako, baimendua dago bainua hartzea. “Hiru putzu daude Artziniega inguruan: Oxinaga, San Antonioko presa eta Lantenokoa. Azken hau oso famatua da”, dio Alberto Martinez Gutierrez-Barquinek.  Anguloko ur jauziaz ere mintzo da, kobazuloan jaiotzen baita erreka: “Ur jauzia Aiaran dago, oso polita da, baina ez oso ezaguna”. Horrez gain, Lanteno eta Arrazuriako putzuak nabarmendu ditu Martinezek.

Arrankudiagarrek, aldiz, Zollora jotzen dute. “Antzina Iberlandan bainatzen zen jendea,  baina gaur egun Zolloko presara joaten gara”, adierazi du Markel Iturrizar arrankudiagarrak. Bisitariek arduragabekeriaz jokatzea da kezka nagusia, tokian tokiko herritarretzat. “Hori da masifikazioaren edo putzuak ezagunak izatearen alde txarra, jendeak ez duela ingurua errespetatzen”, dio Aaron Garmendiak. Horren adibide da hainbat gunetan pilatzen den zikinkeria. Hori dela eta, herritarrek “babesgunetzat” dituzte hainbat putzu. Alegia, ez dira argitara atera, xarma eta berezkotasuna mantentzeko. “Kutsadura dela eta, ezin gara Nerbioi ibaian bainatu. Ez da kasualitatea putzu gehienak mendien magaletan egotea, herriguneetatik urrun”.

Errekak zaintzeko taldeak eta auzolanak antolatu dituzte hainbat lekutan. “Goi-Nerbioi bizirik” taldea da horren adierazle, ingurumenaren zainketa eza salatzeko sortua.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide