Aiarako Kuadrillaren ezohiko bilkura egin dute gaur eguerdian Laudion. Ander Añibarrok bere dimisioa aurkeztu du bertan. Bi urtez izan da Añibarro Kuadrillako lehendakaria eta Eusko Jaurlaritzako gobernuan ere lanean zen urte hasieran.
Horregatik utzi dio Kuadrillako burua izateari: “Denbora faltagatik sumatzen dut aurrenatzean ezingo dudala % 100 eman”. EAJko kideak azaldu duenez, “ohorea” izan da beraretzat kargua, “erronka pertsonala izan da niretzat, eta gaztea izateak sortzen duen mesfidantzari egin behar izan diot aurre”. Hala ere, Añibarrok azpimarratu du “lan-giro ona” izatea lortu dutela, eta eskerrak eman dizkie bi urte hauetan berarekin egon diren kide guztiei.
Emakumezko lehen presidentea
Dimisioaren ostean ekin diote batzarrean presidente berriaren hautaketari. Maider Basterra Ibarretxe gailendu da bozketan, 13 botorekin. Bigarren geratu da EH Bilduko Mariano Alava, 10 botorekin. OMNIA alderdiko Nerea Gonzalezek lau jaso ditu; eta bakarra, aldiz, Orain Amurrioko Angel Jimenezek.
Gauzak hala, kargu hori betetzen lehen emakumea izango da Basterra. “Bazen garaia emakumezko lehendakari bat egoteko”, aipatu du; eta gaineratu du Añibarrok utzitako bidea jarraituko duela.