Kolektiboak nabarmendu du URAren ezintasuna, kasu onenean, eta konplizitatea okerrenean, isurketa kutsatzailearen egileak aurkitzeko. Kasua are larritzat jo dute, izan ere, Eusko Jaurlaritzako agentziak eta zenbait erakundek gertakariaren berri izan zuten herritarrek baino askoz lehenago.
Neurriak hartu
Zentzu horretan, taldeak eskatu die erakundeei azpiegiturak -Markixana eta Basaurbeko araztegiak- eta bitartekoak sortzea isurketak eta kutsadura ekiditeko: "Lotsagarria da XXI. mendean Aiaraldeko milaka herritarrek euren hondakinak ibaian isurtzea".
Ibaiaren egoera: merkurioa, selenioa...
Goi Nerbioi Bizirikek URA agentziaren datuak gogoratu ditu azpimarratzeko ibaiaren egoera ez dela bat ere ona: "Neurketen hiru puntuen arabera (Luiaondo, Saratxo eta Arakaldo) bitan baldintza fisiko-kimikoak ez dira egokiak, amonio eta fosfatoen mugak gainditzen dira eta animalien biziraupena bermatzeko baldintzak ez dira jazotzen. Hori gutxi izango balitz, Saratxon eta Luiaondon merkurioa eta metakloratoa topatu dira eta selenioaren mugak gainditu dira".