Gaur -urriak 18- argitaratuko da Aiaraldea Egunkariaren 75. zenbakia. Ohikoan bezala, 24 orrikoa izango da eta hainbat gai jorratuko ditu. Euskalgintza Kontseiluaren kanpaina berria izango da horietako bat, Ahobizi eta Belarripresten egitasmoari buruzko lau orriko erreportajea izango baitu aldizkariak.
Kultura atalean Takoidun zapata gorria antzezlana izango da protagonista, Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdian aurkeztuko baitute obra hori datorren astean.
Kirol atalean, aldiz, igandean Laudion egingo den Patin Egunari buruzko informazioa topatu ahal izango du irakurleak, azken bi asteetan jazotako beste hainbat albisterekin batera.
Iritzia atalean Nerbioia izango da protagonista, Goi Nerbioi Bizirik taldeko kide batek eta URA agentziako zuzendariak iritzi zutabe bana plazaratu baitute ibaiaren egoera dela eta.
Hortaz gain, ez dira faltako ezta "Aiaraldeatxiki" umeen txokoa eta herriz herrikako albisteen sorta.