Iritsi da Ahobiziak eta Belarriprestak pizteko garaia. Asteburuan eman zioten hasiera ekimenari Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluko kideek. Izan ere, Arakaldo, Arrankudiaga eta Zollo dira lehen asteko txanda osatuko duten herriak. Ostiralean abiatu zuten desafioa, jende ugari elkartu zen aurkezpenean.
Euskararen erabilera areagotzeko aholkuak eman ostean, txapa banaketa egin zuten Arakaldoko txokoan.
Indarrak hartuta, Arrankudiaga-Zollokoei pasa zieten aurkezpenaren lekukoa. Gizarte Etxearen aurrean ehun lagun inguru elkartu ziren.
Euskararen arnasguneak
Euskararen arnasguneak aurkeztu zituzten ekimenarekin batera. Ahobizien guneak izango dira Xarmanta jatetxea, Ekilore denda, Gizarte Etxea, Musika eskola, Arrankudiagako udaletxea, Udaltalde eta Arrankudiagako eskola.
Belarriprest izateko, aldiz, prest agertu dira Dia supermerkatua, Pilates ikastaroko kideak, Osakidetzako kontsulta eta Elexondo, Iberlanda eta Zolloko tabernak. Kanpainako bideoak ikusi ostean talde argazkia atera zuten.